Ciudadanosekin eta PSOErekin egindako bilera baloratu du Podemosek ostiral goizeko prentsaurrekoan.
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak PSOErekin eta Ciudadanosekin zituen negoziazioak eten ditu, eldiario.es agerkariak jaso duenez. “PSOEk ez du gurekin pakturik egingo, eta Ciudadanosek uko egin dio gobernu progresista bat osatzeari”, adierazi du Iglesiasek prentsaurrekoan.
“Guretzat errazak ez diren aldaketak egin ditugu programan, baina Ciudadanos ez zegoen prest PSOErekin adostutako programari aldaketarik egiteko, eta PSOEk ere ez du onartzen Podemos Gobernuan sartzea”, gehitu du.
Orain, Podemoseko zuzendaritzak erabaki du bere oinarriei galdetzea ea PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioa babestearen alde dauden, Espainiako Gobernua osatze aldera; edo bestelako gobernu bat nahi duten, "aldaketa sustatuko duena". Kontsulta apirilaren 14an eta 16an izango da, eta bi aukera izango ditu: bata, “Sánchezen eta Riveraren akordioan oinarritutako gobernua nahi duzu?”. Eta bestea: “Ados zaude Podemos, En Comú Podemek eta En Mareak babesten duten aldaketa gobernuarekin?”. Apirilaren 18an jakinaraziko dituzte kontsultaren emaitzak.
Iglesiasek gogorarazi du Sánchezen eta Riveraren arteko akordioaren aurka daudela Podemos, En Comú eta En Mareako diputatuak, hala nola Podemoseko zuzendaritza. Iglesiasek onartu du galdeketan lehenengo aukerak irabazteak ondorioak izango lituzkeela alderdian. “Ez dakit zein formula erabiliko dugun, baina ez egin dudarik erantzukizunez jokatuko dugula”, erantzun du, lehen aukera garaile suertatzekotan dimitituko ote duen galdetu diotenean.
Bestalde, Podemoseko kontsultaren emaitzak ez du definituko En Comú eta En Mareako diputatuen botoa. Kontuan hartuko dituzte emaitzak, baina beraiena izango da erabakia, En Comúko iturriek jakinarazi dutenez.