Gemma Ubasart Gonzalez, Podemoseko Plurinazionalitate eta aldaketarako Politika Publikoetako idazkaria katalanen erabakitze eskubideaz eta Euskal Herriko bake prozesuaz aritu da Público agerkarian argitaratutako artikuluan.
“Heldutasun demokratikoa: erabakitzeko eskubidea eta bake prozesua” izenburupean, Espainiako Estatuak gizarteko aldaketen aurrean izandako jarrera estatikoaz kexatu da Ubasart. “Klase politikoaren zati handi baten eta zigor-sistemako eragile askoren ekintzek Espainia heldutasun demokratikorik gabeko estatu bihurtzen dute”.
Erresuma Batuak azken urteetako prozesuetan izandako jokabidea alderatu du Espainiako Estatuarenarekin. “IRAk armak utzi zituenean, Londresek aktiboki hartu zuen parte elkarrizketetan eta gatazkaren konponketan”.
ETAk ekintza armatua uzterakoan, ordea, Espainiako Estatua “oso gutxi mugitu” dela salatu du Podemoseko idazkariak, “egoera guztiz aldatu izan ez balitz bezala”. “Zentzugabea da ETAri aurre egin nahi izatea ETArik gabe”.
Oraindik indarrean dagoen “salbuespen egoera” kritikatu du, baita iragan asteko abokatuen aurkako atxiloketak ere. “Etsaiaren aurkako zigorrak oso presente dirau Estatu Espainiarrean”.
Erabakitzeko eskubidea
Ubasarten hitzetan, Eskozian independentziaren aldeko ahotsak nagusitzean, ingelesen batasunerako deia ez da “inposaketaren eta mehatxuaren bidez” egiten; Espainian, ordea, Kataluniari beraien etorkizuna erabakitzen ez uzteak Estatuaren eta katalanen arteko eztabaida politikoa “enkistatu” du.