argia.eus
INPRIMATU
Podemosek Araban duen ika-mika EAE osora zabaldu da
  • Podemos alderdiak Araban duen krisia Bizkaia eta Gipuzkoara zabaldu da. Hiru herrialdeetako 27 hautetsik zuzendaritzaren aurka agertu diren Arabako bost batzarkideen alde egin dute. Eztabaidak Arabako aurrekontuei eragin die eta alderdiaren barne egituraren ereduan sakontzeko beharra erakusten du hainbat kideren ustez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 20a
Podemosek EAEn duen antolaketa idazkari Lander Martinez

Arabako Aldundian Podemos alderdiak dituen zortzi hautetsietatik bost EAJ eta PSEren aurrekontuak onartzearen aurka agertu ziren abenduaren 15eko bozketan, alderdiak abstentzioaren alde egin behar zutela erabaki arren.

Podemos Euskadiko zuzendaritza Arabako talde parlamentarioarekin bildu zen gaiaren inguruan aritzeko. Bileraren ostean zuzendaritzak kaleratutako oharrean akordio batera iritsi ezina adierazi zuten, baina taldeko arazoak konpontzeko elkarrizketekin jarraituko zutela. Aipatutako oharrean ez zen aurreratu aurrekontuen aurka bozkatu zuten diputatuen aurkako diziplinazko neurririk hartuko denik.

Gara egunkariak jakinarazi duenez, alderdiko zuzendaritzak Arabako batzarkideei barne antolaketarako autonomia handiagoa eskaini zion, beti ere alderdiaren ildo politiko ofiziala jarraitzen bazuten.

Ez daude bakarrik

Atzo arratsaldean, aurrekontuen aurka dauden bost batzarkideek komunikabideen aurrean eginiko agerraldian alderdiko 32 kargu instituzionalek –tartean Gipuzkoa eta Bizkaiko lau batzarkidek– sinatutako dokumentu bat aurkeztu zuten. Bertan zuzendaritzaren jarrera alderdiaren “printzipioen aurkakoa” dela salatzen dute, Arabako aurrekontuetatik haratago doan zerbait dela gehituz. Alderdiak EAEn duen antolaketa idazkari Lander Martinez jo dute sortu den egoeraren eragiletzat.

Ezezkoa babesten duen dokumentuak Zurekin Ahal Dugu barne korronteak abenduaren 18an kaleratutako testuarekin bat egiten du. Alde batetik aurrekontuak kritikatzen ditu eta bestetik zuzendaritzak erabilitako metodoak. Arabako batzarkideek zirkuluen gehiengoaren babesa duela defendatzen dute. Estatu mailan alderdiaren sektore antikapitalistaren alde egin du talde horrek.

Bost batzarkideek abenduaren 23an egingo den bigarren bozketan ere ezetzaren alde egingo dutela dirudi. Alderdiko militanteei galdetzearen alde daude zer bozkatu erabakitzeko.