argia.eus
INPRIMATU
Podcastak nabarmendu dira Rikardo Arregi sarietan
  • Bideak podcastak Kazetaritza saria irabazi du, eta Lore hostoak podcastak Komunikazio saria. Menane Oxandabaratz omendu dute Ohorezko Mugarriarekin.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 01
Sari banaketa. // Argazkia: Aiurri

Rikardo Arregi kazetaritza eta komunikazioaren 35. sari banaketa egin dute Andoaingo Bastero Kulturgunean. Aurten, Naiz eta Mediabaskek ekoiztutako Bideak podcastari eman diote Kazetaritza saria, eta EITBPodkasten Lore hostoak proiektuak irabazi du Komunikazio saria. Aldiz, Irulegiko Irratiaren sortzaile eta Herria aldizkariaren buru Menane Oxandabaratz kazetariak eskuratu du Ohorezko Mugarria.

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea eta berrikuntza bultzatzea du helburu sari banaketak. Euskaraz argitaratu izan diren lan guztiek Kazetaritza Saria eskuratzeko aukera dute, eta Komunikazio saria, ordea, euskarazko komunikazioaren mesedetan pauso berritzaileak eman dituztenek jasotzen dute. Ohorezko Mugarria euskal kazetaritzaren historian erreferentzia izan direnei ematen zaie.

Kazetaritza saria irabazi duen Bideak podcastak hizpide du zer nolako ondorioak izan dituen migratzaileentzat Frantziako Gobernuak Euskal Herriko mugak hetsi eta kontrolak gogortzea. Saria jasotzera igo dira Jon Telleria, Larraitz Otazo, Hegoi Belategi eta Goizeder Taberna kazetariak. Antolatzaileek azpimarratu dute podcastak “larritasun bereziko gaia” jorratzen duela: “Askotan ikusten ez dugun edo ikusi nahi ez dugun errealitatearen berri ematen digu, migrazioarena”.

Euskal musikarien ibilbidea jorratzen dute, ordea, Lore Hostoak podcastean. Ekain Perez esatariak jaso du Komunikazio saria taldearen izenean. Epaimahaiak adierazi du Ekainen ahotsak eta elkarrizketa eramateko erak “komunikazio berezia” lortzen dutela: “Entzulea aparteko unibertso batera eramaten du”.

Halaber, Ohorezko Mugarria kategorian Menane Oxandabaratzen lana aitortu du Rikardo Arregi sarietako epaimahaiak: “Oxandebaratzek frogatu du Euskal Herrian gauza handiak egin daitezkeela eta lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela”.