Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk: prestazioa jasotzeko malgutasun handiagoa eta eskatzaileentzat diru gehiago iragarri dituzte EAEn. Baina diru kopuruan, baldintzetan eta gestioan sakonduz gero, “aurrerapauso berritzaile gisa saldu nahi” izan dutena ez dela hala kritikatu du hainbat ahotsek.
Aurreakordiotik eratorritako aldaketak
2023tik aurrera, DSBE eskatzeko adina 23 urtetik 18 urtera igaro da, 18-23 urte arteko gazteak frogatzen badu gutxienez urtebete daramala lan bila eta emantzipatuta dagoela. EAEn erroldatuta egoteari dagokionez, orain arte bezala hiru urteko erroldatzea frogatu beharko du gehiengoak, baina kolektibo zaurgarrienen kasuan urtebeteko erroldarekin aski izango da eta Eusko Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemos-IUren arteko akordioarekin errolda epea murriztuko zaio hainbat kolektibori, orain arte ez bezala (errefuxiatuak, indarkeria matxistaren biktimak, sexu esplotazioaren biktimak). Azpimarratu duten beste aldaketa bat: gehieneko errenta ez da izango Espainiako Estatuko batez besteko errentaren %60 baino txikiagoa –bestelako diru sarrerarik balu, DSBErekin ahalbidetu beharko litzateke kopuru horretara iristea–. Alegia, hurrengo urtean adibidez, 803 eurokoa izango da zenbateko hori. Gaur egun 727 eurokoa da kopuru hori eta 737 eurora igotzea zen hasierako proposamena.
Kritika nagusiak
Bi kritika nagusi jaso ditu DSBEren planteamendu berriak. Batetik, diru kopurua; bestetik, berau eskuratu ahal izateko baldintzak.
DSBEren zenbatekoa kalkulatzeko Espainiako Estatuko batez bestekoa hartu dela kontuan eta EAEkoa hartu beharko litzatekeela dio hainbat eragilek. Hala uste du baita ere EH Bilduk, eta kasuan kasu kopuru ezberdina bada ere, EAEko datuak kontuan hartuta errenta 933 eurokoa izan dadila eskatu du, aurreakordioan adostu duten 737 eurokoaren ordez.
Baldintzei dagokionez, oraindik ere badela zer malgutu diote batzuek eta besteek, eta nabarmendu dute DSBE jasotzeko EAEn erroldatuta hiru urtez egon behar izatea urtebetera pasa beharko litzatekeela –aipatu moduan, hainbat kolektiborentzako horrela da dagoeneko, baina ez herritarrentzat oro har–. Are gehiago, kontzeptua aldatzea eskatu du EH Bilduk, pobreziaren aurkako borrokan: 18 urtetik aurrera baldintzarik gabeko errenta unibertsala ezartzearen alde egin du.
Prestazioaren kudeaketan ere jarri dute azpimarra Argilan-ESKtik eta Lanbideren Ikuskapen Kidego berria sortu izana salatu dute, “Lanbideren benetako polizia berria” delakoan, “jasotzaileak zaintzeko eta kontrolatzeko, nahiz eta Lanbideren iruzurra ez den %1era iristen”.
Prestazioarekin ere, txiro
Funtsean, DSBEren ereduak ez duela funtzionatzen dio Argilan-ESK-k, pobreziari aurre egiteko ez baita eraginkorra izan hiru hamarkada baino gehiagotan. Pobrezia arriskuan dauden biztanleen %30 estaldurarik gabe uzten ditu –“baldintza eta betebehar ugari daude, eta horrek ezinezkoa egiten du jende pobrearen ia herenak DSBE eskuratzea”– eta prestazioa jasota ere, hartzaileen %53k ez du lortzen pobrezia egoeratik ateratzea –"aurrekontuko diru kopurua eskasa baita"–.