argia.eus
INPRIMATU
Pobreziari aurre egiteko zortzi neurri: larunbatean manifestazioa Donostian
  • Manifestazioa deitu dute abenduaren 20an, Donostiako Bulebarrean, 12:00etan. Pobreziaren eta berdintasun ezaren errudunak salatzea eta konponbideak mahai gainean jartzea da asmoa, konponbide horiek aplikatu ditzatela eskatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko abenduaren 17a

Kaleratzeak Stop, IRPH Stop Gipuzkoa, Donostiako Koordinadora Feminista, Donostiako Zero Pobrezia, Duintasuna eta GEPE dira antolatzaileak eta manifestuan ondorengo neurriak aldarrikatzen dituzte:

- Etxebizitzaren euskal legea egitea, besteak beste bankuei dituzten etxe hutsak desjabetu eta etxebizitza sozial bilakatuko dituena.

- Etxetik kaleratutakoek zorra kitatu ahal izatea etxea ordainetan ematearekin, eta alokairu sozialera bideratuak izan daitezela.

- HMEI indizearen bidez (gaztelaniaz IRPH) “lapurturikoa itzultzea" eta euriborra atzerako eraginez aplikatzea.

- Pobreturiko familiei argindarra edota gasa moztea debekatzea.

- Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta gizarte laguntzetara diru gehiago bideratzea 2015eko aurrekontuetan, ahulenen pobretzea gelditzeko (“malnutrizioa jasaten duten haurrak, adingabeak beren kargu dituzten emakumeak, pentsio oso txikiak dituzten edadetuak, alargunak…”).

- Enpresa eta ondasun handien iruzur fiskalari aurre egitea.

- Zerga bidezkoagoen bidez, “gehien dutenek gehiago ordainduta”, zerbitzu publikoetan inbertsioa handitzea: laguntza eta zerbitzu sozialetan, osasunean, hezkuntzan…

- Kutxabanken pribatizazioa eta gizarte ekintzaren deuseztatzea ez gauzatzea. “Kutxa publikoa eta kontrol soziala duena izan dadila, gizartearen zerbitzura”.

Atxikimendu ugari

ELA, LAB, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek, EH Bilduk, Ezker Anitzak, Antikapitalistek, Equok eta Ahal Duguko hainbat kidek bat egin dute manifestazioarekin. Soluzioak badirela aldarrikatu eta "errudunentzat epaiketa eta zigorra" eskatuko dute, Pobreziaren eta bere errudunen aurka: banketxeak, multinazionalak eta gobernu ustelak, konponbideak ditugu lelopean.

Larunbateko ekitaldia iragarri dute Donostian.