argia.eus
INPRIMATU
Pobreziari aurre egiteko neurriak aurkeztu ditu Syrizak
  • Greziako lehen ministroak Gobernu programa aurkeztu du Parlamentuan. Pobrezia egoerarekin amaitzeko eta lehengo etxebizitzaren etxe kaleratzeen debekua jasotzen duten neurriak barnebiltzen ditu. Elikagai laguntza, doako elektrizitatea eta krisiak kolpatutakoendako osasungintzarako sarbidea bermatzeko asmoa dute. Programa asteazkenetik aurrera jarriko dute martxan.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 09a
Carles Campuzano

Urtero berritua izan den 2008ko lege batek etxe kaleratzeak debekatzen ditu. Joan den abenduan, ordea, ez zen berritua izan, eta hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten greziarrak euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Syrizak legea berrituko du, gehienezko balioa 200.000 eurotik 300.000 eurora igaroz. Horretaz gain, bankuek hipotekak hirugarren bati saltzea eragotziko du.

Aurretik kaleratutako langile publikoak kontratatzearekin eta gutxieneko soldataren igoerarekin batera, hezkuntzarako doako sarbidea bermatuko dute neurri hauek: “Zorra kitatzeko akordio onenarekin ere, erreformarik gabe ez dugu ezer lortuko”.

Zorraren gaiarekiko euroguneko kideek Greziari zubi kreditu bat emateko bideratutako neurriez osatutako plana aurkeztu du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak: “Gobernu berriak ez dauka zorraren luzapena eskatzeko eskubiderik. Horregatik, hazkunde programa bat elkarlanean egiteko negoziazioak bukatu bitartean, zubi kreditu bat baino ez dugu eskatzen”.