argia.eus
INPRIMATU
Pobreziari aurre egiteko eztabaidari EAJ-PSE-PPk atea itxi izana salatu dute kalean
  • Pobreziari eta bazterketa sozialari aurre egiteko 51.000 herritarrek sinaturiko proposamena atzera bota zuten EAJ, PSE eta PPk joan den astean, Eusko Legebiltzarrean. Bizitza duina aldarrikatuz eta eztabaida publikoari aterik ez ixteko eskatuz, manifestazioa egin dute Bilbon.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko otsailaren 13a

Egoera okerrenean daudenak laguntzeko, babes soziala handitzea eta indartzea helburu duen herri-ekimen legegilea aurkeztu zuten Legebiltzarrean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bultzatzaileek. 51.000 herritarren sinadura lortu du ekimenak eta besteak beste Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) hobetzea, Larrialdi Sozialen Laguntzak eskubide bihurtzea edota etxebizitza eskubidea bermatzea jasotzen du.

Politikariek proposamenari uko egin ostean, manifestazioa egin dute asteazken honetan. Asmoa zen EAJ, PSE eta PPren egoitzak batuz giza-katea osatzea, baina uste baino jende gehiago etorri denez, manifestazioa egin dute azkenean.

51.000 sinadurari ezezkoa: “Demokrazia arazo handia dago”

2012tik, Eusko Jaurlaritzak DSBE %13,5era murriztu duela salatu dute. Proposamena ez onartzeko “Jaurlaritzaren aitzakia da bazegoela EAJ eta PSEren lege proposamen bat DSBEren sistema erreformatzeko. Baina ez dute esan proposamen horrek murrizketak egonkortu nahi dituela eta prestazioak jasotzen dituztenak kriminalizatu”, kritikatu du Mikel Novalek (ELA). “51.000 pertsonen sinadurak baztertu eta herritarrek politikan esku hartzeko legitimitatea ukatzen bada, demokrazia arazo handia dago”.

“Legebiltzarrean eztabaida bahitu dute, baina ez gaituzte isilaraziko”

“Hirukoteak defendatzen duen eredu ekonomiko eta soziala Confebask-en eredua da, eredu neoliberala”, gaineratu du Garbiñe Aranburuk (LAB). “Legebiltzarrean eztabaida bahitu dute, baina ez gaituzte isilaraziko. Karta honetako eragile sindikal eta sozialok mobilizatzen jarraituko dugu, herri honetan pobrezia eta bazterketa arriskuan inor ez dagoela ziurtatu arte”.

 

Pobrezia bukatzea Eusko Legebiltzarraren esku erreportajean sakon landu genuen gaia.