argia.eus
INPRIMATU
Pobreziaren aurkako Nazioarteko eguna
Gizarte eta ekonomia sistemaren arriskuak erakusteko unea
  • Emakume migratzaileek jasandako bazterkeria eta hurrengo krisi baten aurrean langile askoren etorkizuneko zailtasunen berri eman dute hainbat eragilek. Ostegunez, urriak 17, horiei guztiei aurre egiten dion borrokaren eguna ospatuko dute mundu osoan.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 17a
Zero Pobrezia plataformaren prentsaurrekoa Donostian. (Arg.: Zero Pobrezia)

Gizarteak aplikatzen duen bazterkeriaren biktimak fokoaren argian jartzea du helburu urriaren 17ak. Pobreziaren aurkako Nazioarteko eguna da, baliabide urriak dituzten pertsonak oroitzen diren eguna. Euskal  Herrian kontzientziazio saioak egingo dira, eta hainbat eragilek pobreziak kaltetutakoen pertsonengan jarriko dute begirada.

Donostiako Zero Pobrezia plataformak emakume migratzaileen inguruan egingo du lan, eta urriaren 17aren atarian, hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute. 21 elkarte eta gizarte mugimenduk, eta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak osatzen dute plataforma hori (Koordinakundeak beste 79 euskal garapenerako Gobernu Kanpoko Erakunde ditu bere barnean).

Pobrezia tasa ez da handitu, aurkakoa, gutxitu egin da. Baina Caritasek Iruñean egindako agerraldian, ohartarazi du justuarekin bizi diren bizilagunek hurrengo krisialdi bateri aurre egiteko zailtasun larriak izan ditzaketela.  Izan ere, Nafarroan bazterkeria jasaten duten 103.000 biztanletik (Nafarroako populazioaren %16a) erdiak lanean ari da. Horrez gain, Nafarroako bazterkeriaren inguruko datu gehiago eman ditu. Argitaratu dituzten datuek diote 14.000 pertsona egoerarik larrienean daudela, eta 30-44 urte tarteko adina duten biztanleak dira gehienbat bazterkeria jasaten dutenak.

Arazoa sendatzeko proposamenak

Zero Pobreziak ekintzen aurkezpenean “pobrezia-egoeran dauden milioika pertsonaren giza eskubideak neurririk gabe” urratzen direla salatu zuten elkarteek, “gehienak emakumeak” direla gaineratuz. Horri aurre egiteko proposamenak zabaldu dituzte. Besteak beste, atzerritarrak barneratzeko zentroak ixtea eskatu dute elkarteek.

Ostegunean Bilbon manifestazio bat antolatuko dute hainbat entitate sozialek, auzo-kolektibok eta sindikatuk. Igandean, azaroaren 20an, bizikleta martxa bat antolatuko dute elkarteek Donostian pobreziaren aurkako borrokaren sinbolo gisa.  Azaroan beste tailer bat antolatuko dute, film maratoi bat hain zuzen. Ekintza sinboliko hauek guztiak sistemaren ahultasuna erakusteko direla adierazi du Zero Pobreziak: “Agerian geratzen dira gure gizarte-egituraren gabeziak, ez baititu kontuan hartzen gizarteetako zaintza beharrak”.