Larunbatean Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan bizikleta martxa bana eginez emango diote amaiera EAEn astebetez egindako Desparekotasun Gordinen Aurka kanpainari. Antolatzaileek salatu dute “pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak, gordinagoak eta kronikoagoak” direla.
“Azken urteotako krisi ekonomikoak areagotu ditu pertsona aberatsen eta pobretuen arteko desberdintasunak eta injustiziak, neurriz gaineko mailara arte areagotuz”, adierazi dute garapenaren arloko EAEko GKEen koordinakundeak, REAS Euskadik, Zero Pobrezia plataformak eta EAPN Pobrezia eta giza bazterketaren aurkako Europar sareak. “Migrazio-krisi deritzonaren azpian egungo sistemak sortutako zibilizazio-krisia dago, eta horren ondorioz milioika pertsonak ezinbestean migratu behar dute”.
Esan dutenez, 68 milioi pertsona bizi dira euren etxeetatik kanpo gudak, indarkeria eta euren oinarrizko giza eskubideen bortxaketa larriak direla eta, ACNURek zabaldutako datuen arabera. noiz erregistratutako daturik altuena da.
Bilbon 11:30ean abiatuko da martxa, Arriaga antzokiaren paretik, eta leku berean amaituko da. Donostian, berriz, 12:00etan abiatuko dira Haizearen Orrazitik, eta 13:00etan kontzertua egingo dute Bulebarrean.