argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia larrian dauden pertsonen kopurua %20,6 gutxitu da Nafarroan gizarteratze errentari esker
  • 11.105 bizilagunek jasotzen dute gizarteratze errenta. 2012an baino jende gehiagorengana iristeak aberatsenen eta pobreenen arteko desberdintasunak txikitzea lortu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko maiatzaren 12a
Oinarrizko errentaren aldeko mobilizazioa Iruñean (arg: Katakrak)

Gizarteratze Errentak pobrezia larria %20,6 txikitzea lortu du eta jende gehiagorengana iristeak desberdintasunak murriztea ere bai. Hala jaso du Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako txostenak. 2014an baino 9.130 herritar gutxiago dago pobrezia larrian, nahiz eta oraindik 35.100 lagun dagoen egoera horretan. Dena dela, pobrezian erortzeko arriskua ere jaitsi egin da eta herritarren %20 dago arrisku horretan.

2016ko lehen hilabeteotan Gizarteratze errenta 11.105 herritarrek jasotzen dute, 2007an baino 10.000 gehiagok. Inflexio puntua 2012. urtea izan zen, ordura arte jende gehiagorengana iristen hasi zen errenta hori, baina, Gobernuak diru-sail hori murriztu egin zuen eta jende asko diru-babesik gabe utzi zuen. 2013an baina, murrizketak utzita, oinarrizko prestazio hori familia gehiagotara hasi zen zabaltzen. Horrek lagundu du hain zuzen pobrezia larria ekiditen eta desberdintasunak txikitzen. Txostenak jasotzen duen bestea, krisiak gogor kolpatu dituela Nafarroako familiak. 2008tik laukoiztu egin da familia guztiko kideak langabezian dituztenen kopurua eta hirukoiztu, diru-iturri nagusia familiara bideratzen zuen pertsona langabezian geratu diren familiena. Hala ere, hau ere 2013tik hobera egiten hasi da.

Babes ekonomikorik gabekoak, ere bai

Beste datu lazgarria: 2008an 2.901 familia ziren inolako diru-sarrerarik gabe zeudenak; 2015ean 8.358 ziren. Aurtengo lehen hilabeteetan ere joerak hobera egin du, nahiz eta zuhurtziaz hartu behar diren datuak, orain, 7.071 dira.

Eta zer gertatzen da langabezian daudenekin? Bada, gero eta gehiago luzatzen zaiela egoera hori, alegia, lanik gabe egotearena. Langabezian daudenen %40 urtebete baino gehiago daramate lanik egin gabe.

Eta horientzako laguntzak, zertan dira? Bada langabeziagatik jaso beharko litzatekeen babes ekonomikoak muga asko dituela nabarmendu du txostenak. Eta hain zuzen, muga horiek gainditzeko ezinbestekoa izan da urteotan gizarteratze errenta. Hala adierazi du Patxi Tuñon Behatokiko zuzendari-gerenteak:

Behatoki Sozialeko kideek nabarmendu dute pobrezia soziala txikitzea lortu dela gizarteratze errentarekin, baina kontziente dira, oraindik ere lan handia egin beharra dagoela.

 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra