argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia kronifikatzen ari dela dio Caritasek
  • 2016ko memoria eman du ezagutzera Caritasek, eta EAEko hiru lurraldeetan egoera antzekoa azpimarratu dute: “2015etik 2016rako joera beheranzkoa bada ere, jende gutxiagoren oinarrizko beharrak asetzeko diru gehiago behar izan dugu”.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 15a
2015eko memoriaren aurkezpena (argazkia: redaccionpalabraeuskadi.blogspot.com).

Laguntza hauek jasotzen dituztenen artean hiru profil markatu ditu Caritaseko zuzendaritzako kide eta Gipuzkoako arduradun den Kontxi Elexpek Euskadi Irratian egindako elkarrizketan: batetik daude guraso bakarreko familiak, bestetik haurrak dituzten guraso gazteak, eta hirugarren bat sartu du zerrendan, denbora luzez langabezian dauden pertsonak.

Elexpek adierazi duenez “jendeari asko kostatzen ari zaio behin zuloan egonda bertatik ateratzea, eta pobrezia egoerak kronifikatzen ari dira”. Gipuzkoako datuak eman ditu, esaterako: 2007an 16.000 pertsonari eman zioten laguntza, eta 2016an 26.700 lagun izan dira Caritasen atea jo dutenak.

Banatzen den diruaren ehuneko altu bat elikadurara eta etxeko gastuetara (alokairua, hipoteka, hornidura gastuak…) bideratzen dela esan du Elexpek.

Sortzen ari diren lanpostuak

Lanpostu berriei erreferentzia egin die Gipuzkoako administrariak eta azpimarratu nahi izan du lanpostu hauetako asko “txarrak” direla, "langile pobreen multzoa handitzen doala, eta ez direla hilabete bukaerara iristen langileak jasotzen duen soldatak ez dituelako oinarrizko beharrak asetzen".