argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia gora Euskal Herrian,
baita gutxi batzuen aberastasuna ere
  • Pobrezia eta bazterkeriaren aurkako erronka aldarrikatzen da urtero urriaren 17arekin batera. Gero eta latzago ageri da arazo horren gordina Esukal Herrian. Gaindegiak Eurostaten 2010eko txostenean oinarrituz aurtengo apirilean argitaratu zuenez, Euskal Herriko hamar biztanletik bat, 300.000 pertsona, pobrezian edo pobrezian erortzeko arriskuan dago. Arrisku hori kalkulatzeko metodoaren berri eman zuten Basqueinfo gunean.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 17a
Pobreziaren kontrako martxa Bilbon

2011-2013 urteen artean kopuru hori etengabe hazten ari da eta horrek azken hamarkadetan ezagutu ez dugun egoerara darama euskal gizartea. Nabaria da bazterketa arriskua eta desberdintasun sozialak nola ari diren handitzen, alor horretan lan egiten duten erakunde eta eragileak (Elkartzen, Caritas, elikagai bankuak, jantoki sozialak, Zero Pobrezia…) argitaratzen dituzten datuak ikusita.

Bitartean, %1ek ia erdia dauka

Munduan milioi bat baino gehiagok euro bat baino gutxiagorekin pasatzen du eguna. Baina orain arte urrutikoa zen egoera gero eta gertuago bizi da hemen. Hego Euskal Herrian populazioaren %10 baino gehiago bizi da pobrezia eta bazterketa sozialaren atarian. Eta pobreziaren mugatik behera bizi direnen kopurua hazten ari da urtetik urtera.

Gaindegiak aditzera eman duenez, bere gordintasunean, azpimarratzekoa da Europako Batasuneko tasa txikienetakoa duela Euskal Herriak (%10,4, Europar Batasuneko bataz besteko %16,4ren aldean).

Aberastasunaren kontzentrazioa, berriz, gora doa. Zero Pobrezia plataformak salatu duenez, Hego Euskal Herriko biztanleen %1en esku dago Barne Produktu Gordinaren ia erdia. Hortik ondorioztatzen dute aberastasunaren banaketa okerrak dakarrela pobrezia. Gai horretaz arduratzen diren kolektibo sozialek salatu dute borondate politikoa behar dela pobrezia eta desberdintasuna desagerrarazteko eta gogoratu dute badirela beste alternatiba eta proposamen batzuk denontzako eredu justuagoagoa lortzeko.

 

Egun horren harira Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatu diren ekitaldiak ikusteko klikatu hemen.