Martxoaren 26an mobilizazioa deitu du Sakeoari ez, energia eskubidea dinamikak. Pobrezia energetikoaren salaketa kalera aterako dute, eta arazoaren aurrean urgentziazko neurriak har ditzaten exijitu.
“Argiaren prezioaren hilabeteroko gorakadei aurre egiten ia urtebete daramagun honetan, errekor berriei eta maximo historikoei buruzko albisteak kasik ohikoak bilakatu dira. Atzera begira jarriz gero, ohartu gaitezke duela urtebete ordaintzen genuenaren bikoitza ari garela ordaintzen. Ondorioz, geroz eta zailagoa egiten ari zaigu hilabete bukaerara iristea”.
Testuinguratze horrekin hasi zuen jendaurreko irakurketa Sakeoari ez, energia eskubidea dinamikak, ostegunean Bilbon egindako prentsaurrekoan. Otsailaren 18an egin zuen lehen agerraldia dinamikak, bere burua aurkeztuz eta martxoaren 26an pobrezia energetikoaren aurkako manifestazioa egingo zutela iragarriz. Hilabete pasa den honetan, berriz egin dute agerraldia, manifestazioa gogorarazi eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbita luzatzeko.
Bilbo eta inguruetako hainbat talde ekologistak, sindikatuk, etxebizitza sindikatuk, auzo elkartek eta gazte eragilek osatzen dute dinamika, eta xede argiarekin bat egin dute: pobrezia energetikoa salatzea. Arazoaren aurrean urgentziazko neurriak exijitzen dituzte, otsaileko agerraldian azaldu zutenez: "Alde batetik, argindar-mozketak benetan gelditu daitezen eta argindarraren fakturari aurre egin ezin dioten pertsonen zorpetzea gelditzeko neurriak har ditzaten. Bide beretik, ezinbestekoa da elektriken aberastasunari muga jartzea, besteak beste, nahi dituzten prezioak jar ditzaten oztopatuz".
Bizitzaren garestitze orokortuaren baitan kokatu du energiaren prezioaren igoera dinamikak, ñabartuz gasa edota petrolioa ere izugarri igo direla azken hilabeteetan eta etxebizitzaren prezioak ere maila historikoak gainditu dituela. Dinamikaren arabera, “beharrezkoa da argiaren prezioaren igoera kokatzea sistema kapitalistaren markoan, zeina klase baxuenen pobretzearen eta prekarizazioaren bidez elikatzen eta aberasten den. Arrakala hori geroz eta handiagoa da, eta planetaren eta pertsonen beharrizanen mugak gainditzen ditu”. Gainera, arrakala horrek egiturazko gainontzeko desorekak ere areagotzen dituela azpimarratu dute, pobrezia energetikoa are larriago bilakatuz gazteen, emakumeen, aniztasun funtzionala daukaten pertsonen, pertsona migratzaileen eta egoera irregularrean dauden pertsonen kasuan.
“Oligopolio elektrikoak aberastasunak pilatzen dituen bitartean, milaka pertsonek jateko erosketa egitearen eta argia piztearen artean erabaki behar dute, eta hori onartezina da”. Salaketa kalera eramango dute larunbatean, Sakeoari ez! Energia eskubidea! Argiaren prezioaren igoeraren aurrean, denok kalera! lelopean egingo den mobilizazioaren bitartez. Manifestazioa Arriagatik abiatuko da, 18:00etan.