argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia energetikoaren aurkako dinamika aurkeztu dute Bilbon, martxoaren 26an mobilizaziora dei eginez
  • Bilbo eta inguruetako hainbat talde ekologista, sindikatu, etxebizitza sindikatu, auzo elkarte eta gazte eragile bildu dira Sakeoari ez, energia eskubidea dinamikan, pobrezia energetikoa salatzeko. Ostegunean eman dute beren burua ezagutzera, eta aurkezpen agerraldia baliatu dute martxoaren 26ko manifestazioa iragartzeko.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko otsailaren 18a
Argazkia: 'Sakeoari ez, energia eskubidea' dinamika

Ostegunean, pobrezia energetikoaren aurkako egunean, argindarraren garestitzea salatzeko Sakeoari ez, energia eskubidea dinamika aurkeztu zuten Bilbon. Esku artean zekartena ezagutzera emateko toki gisa Iberdrola dorrearen aurrealdea aukeratu zuten, seinalatzeko enpresa hori, "beste elektrika batzuen gisara", mozkinak pilatzen ari dela gehiengoa pobretzen ari den bitartean. Zenbait datu eman zituzten: EAEn, hamar etxebizitzatik batean –70.000 etxebizitza baino gehiago–, pobrezia energetiko egoera bizi dute, Iberdrolak, soilik 2020an, 3.611 milioi euroko irabaziak izan zituen bitartean. "Horregatik aukeratu dugu prentsaurrekorako leku hau, elektriken irabaziak eta pobrezia energetikoa txanponaren bi aldeak direlako, bata barik ezin baitugu bestea ulertu".

Energiaren garestitzea herritarren gehiengoari eragiten ari zaion pobretze orokortuaren baitan kokatu dute. "Argindarraren prezioarekin batera, besteak beste, elikagaien eta alokairuen prezioa ere igo da, eta geroz eta zailagoa ari da bilakatzen askorentzat duintasunez bizitzea. Honek guztiak prekaritate larrira kondenatzen gaitu asko eta asko". Ertz askoko problematikaren baitan kokatu dute, beraz, pobrezia energetikoa, eta horregatik biltzen ditu dinamikak alor ezberdinetako hainbat kolektibo; besteren artean, Bilbo eta inguruetako hainbat kolektibo ekologista, auzo elkarte, etxebizitza sindikatu, gazte eragile eta sindikatu biltzen ditu dinamikak.

Helburuak zein diren ere zehaztu dute: pobrezia energetikoaren aurrean urgentziazko neurriak exijitzea. "Alde batetik, argindar-mozketak benetan gelditu daitezen eta argindarraren fakturari aurre egin ezin dioten pertsonen zorpetzea gelditzeko neurriak har ditzaten. Bide beretik, ezinbestekoa da elektriken aberastasunari muga jartzea, besteak beste, nahi dituzten prezioak jar ditzaten oztopatuz".

Mobilizazio deialdia

Dinamika ezagutzera emateko agerraldia probestu dute martxoaren 26an Bilbon egingo duten mobilizazioa iragartzeko. Herritarrei dei egin diete pobrezia energetikoaren aurka bertan parte hartzeko. Horrez gain, aurreratu dute dinamika gehiago egiteko asmoa daukatela, eta datozen asteetan emango dutela horien berri.