Pobrezia energetikoak eragin ditu jada lehenengo mobilizazioak Euskal Autonomia Erkidegoan. Azken urteotan, energiaren prezioen gorakada gehitu zaio krisi ekonomikoari, eta gero eta jende gehiagok zailtasunak dauzka etxea berotzeko. Familien %10 inguru pobrezia energetiko egoeran dago, gasa eta argindarraren fakturak ordaindu ezinik.
Donostian, Bilbon eta Gasteizen elkarretaratzeak egin zituzten atzo iluntzean, egoera hori salatzeko. Eredu Energetiko Berri Baterako Plataformako kideek deituta, manta bat soinean zeramatela eta kandelak piztuta egin zuten protesta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 90.000 lagun inguruk bizi duten egoera irudikatzeko.
“Euskadin ezagun zaigun problematika ikustarazi nahi dugu, instituzioak inplikatu daitezen. Eusko Jaurlaritza azarotik joan da atzeratzen argia, gasa eta ura mozteari buruzko mozioaren eztabaida. Presarik ez duen arazoa balitz bezala”, adierazi du plataformako kide den Aitor Urrestik.
Dekretuz behartuta daudelako, baliabide urriko familiei prezio murriztuak eta bono sozialak eskaintzen dizkiete oligopolio elektrikoek. Laguntza horiek ez diete kosturik eragiten enpresa handiei, gainontzeko herritarrek ordaintzen baitituzte euren fakturekin. Hala ere, baliabide hori murriztekotan daude.
Egoera horren aurrean “Gobernuak neurriak hartu ditzala” eskatu du Eredu Energetiko Berri Baterako Plataformak.
Urrestik gehitu du sortzen ari diren Kooperatiba berriek ere baliabide urriko familientzako egokiak diren prezioak eskaini beharko lituzketela.
“Oligopolioek gatibu dituzte arazo ekonomikodun bezeroak. Ezin dute beste enpresa mota batzuetara aldatzeko hautua egin, tarifa murriztuak edukitzeko aukera konpainia elektriko handiek bakarrik eskaintzen baitute”, adierazi du plataformako kideak, Eldiario.es-ek Natalia Gonzalez de Uriarte kazetariaren bidez jasotako hitzetan.