argia.eus
INPRIMATU
Pobretuon arteko gerrez

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko azaroaren 21
Argazkia: Ecuador Etxea.

“Nahikoa duzu ja ‘txanpon bat mesedez eta txanpon bat mesedez’!”, esan zion supermerkatuaren atean eskean aurkitu zuen pertsonari mahaikideetako batek: urte bat lehenago beste supermerkatu batean aritzen baitzen eskean, azala behar da gero. Hor ari ginen elkarrizketan, ospakizun aireko bazkari oparoaren bueltan, nor bere kontuak aletzen. “Ez esan niri ‘egun on’, ez gara ezagutzen eta!”, bota zion okindegi sarrerako eskaleari beste batek: agurrak deseroso sentiarazten baitzuen, halako bortizkeriarik. Eta pobre itxuran eskean aritzen direnak “gu” baino gehiago irabazten dutela –“harakinak esan zidan eguneko irabaziak eskukadaka banatzen ikusi zituela behin”–, eta beste.

"Lubakiaren beste aldean daudenak izan ohi dute argien klase gatazka. Pobretuon arteko gerra pobretze masibo garaian, baita ezkerrean ere maizegi"

Otorduaren ajeak egunetako bihotzerrea eragin zidan, eta bihotzerreak diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) harira giro ezkertiar jatorrean izan ditudan hainbat eztabaida ekarri zizkidan gogora. Bizizale asko dagoela, soldata izerditu ordez nahiago dutenak alferkerian bizi, urliak; 900 euroko prestazioak (eskubidea) jasotzeko aukera izanik soldata berdinarengatik lanera doanari egin behar zaiola presioa enplegua utzi dezan eta ez aldrebes, nik, miseria soldatak desagertuko badira. Prestazioak kontrolik gabe oparitzen dituztela eta iruzurra izugarria dela, sendiak; iruzurra inoiz ez dela %2ra heldu Jaurlaritzaren datuen arabera eta jasotzen dutenei kontu korronteak eta etxeak ere miatzen dizkietela, nik, lagun bati prestazioa kendu ziotela txartelarekin lau menu ordaintzeagatik. Etorkinek “guk” baino eskubide gehiago dituztela prestazioak jasotzeko orduan, berendiak; gezurra ez ezik hain zuzen ere alderantziz dela, nik, irakur ditzala prestazioak jasotzeko baldintzak eta ez Correo taldea. Beraiei ez baina latinoamerikarrei bai oparitzen dizkietela etxebizitzak erakundeek, lagun etorkin afrikarrak; berari buruz lagun zuriek esaten dizkidaten gezur berdinak errepikatzen ari zaidala, nik.

Bihotzerrea joan gabe nuela oraindik, José Mari Esparzaren Migrazioa? Ez, mila esker artikulua ahoratu nuen, “gure” (euskaldunon) soldaten jaitsieraren ardura kapitalismoari egotzi bai, baina fokua migratzaileengan jartzen zuena. Erbeste urrunean ezagutu nuen euskal iheslaria ekarri zidan akordura Esparzak: emakumeak egiten zituen “gure” (gizonon) soldaten jaitsieraren erantzule, enplegu-merkatuan sartzeagatik.

Eta oroitu dut etxea miatzera etorri zen ertzainaz, DSBE jasotzen zuen pisukidea egiazki bertan bizi zen egiaztatzera, iruzurraren aurkako polizia operazioan. “Harrigarria egiten zait zuek DSBEa jasotzen dugunongana etortzea iruzur bila, dozenaka milaka garenean, iruzurra ofizialki %1ekoa eta diru kopurua huskeria; eta aldiz ez enpresetara, enpresariak gutxi izanik, iruzur fiskal aitortua %20koa eta diru kopurua alimalekoa”, esan nion; “Ez, ez gaituzte bidaltzen bertara, eta ez gaituzte bidaliko...”, erantzun zidan, nire harridurarako, lotsatu antzean. Tamalez, lubakiaren beste aldean daudenak izan ohi dute argien klase gatazka.

Pobretuon arteko gerra pobretze masibo garaian, baita ezkerrean ere maizegi. Beste gerra bat posible da... lubakikideak eta etsaiak ezberdintzen asmatuz gero.