Londresko urbanizazio aberatsetan diru sarrera baxuagoko bizilagunak erosle dirudunengatik banantzen ari dira, sarrera eta zerbitzu-gune bereiziak erabiltzera behartuz. “Ate txiroak” izenez ezagutzen den fenomenoa hazten ari dela argitaratu du The Guardian egunkariak.
Etxeko sarreraz gain, besteak beste, bizikletentzako aparkalekua, zabor-ontziak eta posta lekua ere txiro eta aberatsendako banatzen ari dira Londresen. Luxuzko etxe-blokeetan merkeagoak diren etxebizitzak egitera behartuta daude legez (Babes Ofizialeko Etxebizitzen antzeko gisan funtzionatzen dutenak).
Kostu baxuagoko etxe horiek erosi nahi dituztenei aurrez abisatzen diete ate nagusia ez den beste sarrera bat erabili beharko dutela eta autoarentzako aparkalekurik ezingo dutela eduki, bizilagun aberatsek ez bezala.
Bereizketa sistema horrek “jende arrunta mespretxatzen” duela salatu du Ingalaterrako Alderdi Berdeak. Alkateak denbora luzez ezikusiarena egin duela eta instalazio bananduak dituzten eskaerak ez lituzkeela onartu behar adierazi dute.
New Yorken ere “bi klase sozialak”, hobe aparte
Londresen normalizatzen ari den praktika eztabaidagai izan da New Yorken ere azkenaldian. Auzo aberatsetako zenbait etxebizitza bloketan, jabe aberatsak hotelen atarien gisako pasabidetik sartzen dira; diru sarrera baxuagoko bizilagunak aldiz, kantoi bateko atetik sartzera behartzen dituzte.
Hiriko alkate Bill de Blasiok esan du neurriak hartuko dituela eraikinetan diru-sarreren araberako instalazio bereiziak eraiki ez daitezen.
Higiezinen erosketa agente batek, aldiz, argudiatu du “bi klase sozialak ez elkartzeko” dituztela sarrera bereiziak hainbat eraikinek.