SOS Itsasadarra herri-plataformak Plentziako itsasadarra "defendatzeko" giza katea egingo du domekan, hilaren 24an. Zeregin horretarako gutxienez 600 lagun bildu beharko dituzte, "Ontziolatik San Telmora arteko kilometroa betetzeko".
Giza-katea osatuko dute domekan, hilaren 24an, Plentziako Ontziola plazatik Barrikako San Telmo auzunera bitartean. Kilometro bateko tarte hori betetzeko, 600 lagun inguru behar direla aurreikusi du SOS Itsasadarra herri-plataformak. Azaldu dutenez, mobilizazioan parte hartuko dutenek arrantzale-zapiak, txilibituak eta bozinak eramango dute, aldarrikapena ahalik eta gehien entzun dadin.
Giza-katea egiteaz gainera, gura duenak amarratutako ontzietan egonda ere parte hartu ahal izango du mobilizazioan, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Hitzordua eguerdiko 12:00etan jarri dute eta euren helburua da Eusko Jaurlaritzak Plentziako itsasadarra berrantolatzeko proposatutako proiektua geldiaraztea, "berrantolaketa bai, baina horrela ez!" lemaren pean.