argia.eus
INPRIMATU
Plentziako Arpillaoko lokalak itxi eta bertako elkarteen jarduera geldiarazi du Udalak
  • Segurtasun-arrazoiak argudiatuta, Plentziako Udalak Arpillaoko lokalak eta eraikina behin betiko itxi eta bertako jarduerek jarraitzea debekatu du. Han batzen diren elkarteek adierazi dute erabakia ez zaiela iruditzen "ez etikoa, ez bidezkoa, ezta morala ere".

Hiruka .eus Ander Zarraga 2020ko abenduaren 24a
Udalaren erabakia salatzeko pintadak egin dituzte lokaletan.

Lokal horien erabiltzaileak dira Arkote Arraun Taldea, Ambar Elkartea, Plentziako Piraguismo Taldea, Danontzat gaztetxea eta Plentzia Traineru Baltza Elkartea; baita bertan dagoen taberna ere. Den-denek atean jarritako kartel baten bitartez izan dute erabakiaren berri, eta jakin dute ezin izango direla lokaletara berriz sartu. Udalak urtarrilaren 15a arte eman die epea euren ondasunak batzeko.

Horri erantzunez, elkarteok idatzi bat argitaratu dute, erabakia aurreko jakinarazpenik gabe jaso dutela salatuz, eta euren jarduerak bertan behera uztera behartu eta bertako bost elkarteen etorkizuna "airean" utzi dutela.

Udalak ez du gai horren inguruko komunikaturik egin oraindino, eta Hirukak egin duen informazio-eskaerak ere ez du erantzunik jaso.

Eraikina eraisteko zain

David Crestelo Plentziako alkate ohiak argitu duenez, lokalak eta ondoko aparkalekua dauden eraikina eraitsi behar dituzte, eraikina "kolapsatzear" baitago. Hori ondorioztatu zuen aurreko legealdian eraikinaren bideragarritasuna egiteko Udalak kontratatu zuen ikerketak. Crestelok adierazi duenez, irailean lokalak itxi behar zirela ondorioztatu ei zuen Udalak, baina ez die inolako alternatibarik eman bertako elkarteei.