argia.eus
INPRIMATU
Plentziako alkateak % 40 murriztu du bere soldata
  • Aitor Garagarzak 23.000 euro gutxiago jasoko ditu aurreko alkate jeltzaleari dagokionez. Horrela erabaki zuten aurreko astean, uztailaren 5ean, EH Bilduren gobernu-taldeak agintaldiari ekiteko egin zuen Udaleko ezohiko osoko bilkuran. Alkateak jasotzeari utziko dion diru horregaz, Mercedes Etxegarai alkateordea liberatuko dute, "uste dugulako Plentziak bi esku eta bi begi gehiago behar dituelako bere egunerokoan", argitu du Garagarzak.

Ander Zarraga Hiruka .eus 2023ko uztailaren 12a

Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan EH Bilduk gehiengo absolutua eskuratu zuen –11 eserlekuetatik koalizio abertzaleak sei lortu zituen, EAJk hiru eta Isuskitzako bizilagunen hautagaitzak bi– eta Aitor Garagarza izendatu zuten hiribilduko alkate ekainaren 27an. 

Horrez geroztik, gobernu-talde berriak hartu dituen lehen erabaki ekonomikoen artean alkatearen soldata jaitsi dute, eta Elixabete Uribarri alkate jeltzale ohiak urtean jasotzen zituen ia 59.000 eurotik 35.000 euro jasotzera pasatuko da Garagarza. Gainera, aurreko erregidoreak ez bezala, alkate soberanistak ez du bateragarritasunik izango, hau da, ezin izango du beste lan batzuengatik soldatarik jaso.

Alkateak jasotzeari utziko dizkion 23.500 euro horiek Mercedes Etxegarai alkateordea liberatzeko baliatuko dituzte, eta bi hereneko jardunean egongo da. Garagarzak argudiatu duenez, "aspalditik defendatzen genuen liberatutako beste pertsona baten beharra, gaur gaurkoz, beste pertsona bat izatea beharrezkoa dela deritzogulako, eta ulertzen dugulako horrelakoa izan beharko litzatekeela Plentziako alkatearen soldata".

Alkateordea izateaz gain, Etxegarai Kultura, Jaiak, Hezkuntza, Ogasuna eta Gazteria arloetako zinegotzia ere izango da. Halaber, Izaro Gorostidik Feminismoa eta Parte-hartzea arloen ardura izango du; Izotz Amundarainek Trantsizio Ekologikoa eta Ondarea; Rosa Iturricastillok Tokiko Garapena eta Justizia Soziala; eta Gregorio Aldamak Kirolak eta Hirugarren Adina.

Koherentzia falta

Oposizioan dagoen alderdi jeltzalearen bozeramaileak, Iñaki Saenz de la Fuentek, adierazi du EH Bilduren erabakia ez dela "koherentea" izan: "Orain aukera izanda, ez du murriztu kargu publikoen gastua, Alkatetzara iritsi aurretik eskatzen zuten bezala".