Ea posible den euskara festaren erdigunera ekartzea. Apustu arriskutsu bezain pozgarriak izan dira aurtengo Gaztelu plazako kontzertuak. Arrakasta itzela izan da orain arte Izaro, Chill Mafia eta Zetak taldeekin. Laugarren gauerako baina, ez dakit bat baino gehiago nekearen nekez ez ote den arrastaka heldu.
Plaza zaila da sanferminetakoa. Ustezko zortzi eguneko delirio eta frenesi kolektibo horretan Gorka Urbizuren kontzertuak sentimendu kontrajarriak eragin ditu. Lasaiegia delakoan, beranduegi, edo bajona eragingo duena. Nolanahi ere, zale ugari ordubata jotzear denerako, zain, zeren zain erabaki gabe.
Bandakideen ostean oholtzaratu da protagonista eta abiatu da kontzertua. Ez naiz ni inola ere aditua musikan, baina ausartuko naiz esaten gozada bat dela. Azken aldian estimulu ugariko proposamenetara ohitu gara, Urbizuk dakarrenak, berriz, sinplera jotzen du: melodiak, ahots garbia, instrumentu bakoitzaren detaileak, isilune laburrak eta oihal zuri batean argitzen diren koloreak.
Zalantzetako beste bat zen ea lehen albumeko kantak bakarrik joko zituen. Edo bestera esanda, Berri-ren abestiren bat eskainiko zigun ala ez. Eta bai, baina ez bakarrik. Lekunberrikoak keinu eta omenaldi egin die haren ibilbideko proiektu ugariri. Izan ditugu tartekaturik Peiremans, Katamalo, eta, nola ez, Berri Txarrak Gorka Urbizuren ahotsean. Eta, gainera, bonus track eder batzuk ere bai, oraindik ere kontzertua ikusi ez duenik baldin bada, aipatuko ez ditudanak. Egia da era berean, askok pentsatu dugula Hasiera Bat diskoaren kantuetako batzuk izan zitezkeela aurreko proiektuetan baztertuta geratu zirenak.
Baina hain justu askorentzat horixe izango da desilusioa. Egongo ziren zerbaiten esperoan, ez den horren espektatibaz. Emanaldia bukatu aurretik alde egin dute gutxi batzuek. Beste batzuen malkoak ere ikusi ditugu. Bikote bat (baino gehiago) musuka. Edari hornitzaile ibiltariak –eskerrik beroenak ere horiei, beren lata hotzengatik–. Entzuleak sorbaldetatik helduta, kantuan. Gustura jotzen ari den talde bat.
Agian ez da izan kontzertu jendetsuena, ez eta dantzagarriena ere. Baina izan da, iruindarrok esaten dugun moduan, momentiko bat. Eta horrek ere balio du. Besterik ez.