argia.eus
INPRIMATU
Plaza bati Yolanda Gonzalezen izena emateko konpromisoa hartu dute Bilbon
  • Eneko Herran Deustuko Erriberako auzokideak hitza hartu zuen atzoko Bilboko Udalbatzan, eta auzoko plaza bati Yolanda Gonzalez izena ematea eskatu zuen, "memoriaren eta erreparazioaren izenean".

Uriola.eus @uriolaeus 2016ko otsailaren 01
Iazko ekainean omenaldia egin zioten Madrilen Yolanda Gonzalezi, haren hilketaren 35. urteurrenean.

Aho batez babestu zuten zinegotziek proposamena, eta Juan Maria Aburto alkateak hori egiteko konpromisoa hartu du.

Talde politiko guztiek (EAJ, PSE, EH Bildu, PP, Udalberri eta Ganemos) babestu dute Eneko Herranek Euskalduna Zubia auzo elkartearen izenean Udalbatzan aurkeztutako proposamena.

Gehiengoaren babesarekin, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak konpromisoa hartu du Deustuibarrako plaza bati Yolanda Gonzalez Martin izena emateko. Era berean, Udalbatzako aretoan entzule gisa zegoen Yolandaren anaia Asierri Udaleko kideen "maitasuna" agertu zion Aburto alkateak.

1980an ultraeskuindarrek hila

Iaz 35 urte bete ziren Gonzalez ikasle mugimenduko kide eta sindikalista Madrilen hil zutenetik. Espainiako eskuin muturreko Batallon Vasco Españolek (BVE) hartu zuen bere gain ekintza.

Gonzalez etorkin familia batean jaio zen Bilboko Deustu auzoan. Partido Socialista de los Trabajadores (PST) talde troskistako kidea omen zen, zenbait iturriren arabera. 1980. urteko otsailaren 1ean irakaskuntzako greba baten ondoren bahitu zuten gaztea, eta galdekatu eta torturatu ondoren hil zuten.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Uriola.eus atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]