argia.eus
INPRIMATU
Plateruenan izango dira Ahotseneako 50 kontzertuak
  • Aurtengo Durangoko Azokako Ahotseneako kontzertuak Plateruena antzokian eskainiko dituzte. 50 kontzertu emango dituzte abenduaren 4tik 8ra bitartean. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2021eko azaroaren 11
Kai Nakai (Argazkia: Durangoko Azoka)

56. Durangoko Azokan zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte musikariek, Ahotsenea gunean. Aurten Plateruena antzokian izango dira kontzertuak, horretarako propio zabalduko baitute kafe antzokia. Ohi bezala, azken urtean euskarazko lanen bat aurkeztu duten musikariek izan dute egitarauan parte hartzeko aukera. Guztira 50 talde igoko dira Plateruenako oholtzara, eta askotarikoa izango da eskaintza. Musika estilo ezberdinez gain talde hasiberriak eta ibilbide luzekoak elkartuko dira egitarauan.

Abenduaren 4tik 8ra izango dira kontzertuak, 11:00etatik 22:00ak arte. Ordu erdiko tartea izango du talde bakoitzak, eta streaming bidez ere eskainiko dira, zuzenean, www.durangokoazoka.eus webgunean. Kontzertuetarako ez da lekurik gorde beharko eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Kontzertuez gainera diziplina askotariko egitaraua izango du Durangoko Azokak: solasaldiak, proiekzioak, arte eszenikoak, umeentzako ikuskizunak, ekitaldiak.. Azaroaren 22an aurkeztuko dute egitarau osoa.

Honakoa izango da Plateruenako kontzertuen egitaraua:

Abenduak 4: Bulego, Eneritz Furyak, Habia, Serge, Kaserna, Katez, Rolan Garces & Bandatze, Anita Parker, Addar eta Anari.

Abenduak 5: Diabolo Kiwi, Lur Jota, Larrealde Trikitilariak, Kilimak, Skakeitan, Nikotina, Fufu, Kai Nakai, Sueder eta Lotura.

Abenduak 6: Trigger, Jabi Patxon & Kofradia Beltza, Bixente Martinez, Hibai, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak, Bengo, McOnak, Etxekalte + Habi, Iheskide eta Jiel.

Abenduak 7: Ekiñe, Konpost, Esanezin, Willis Drummond, Vinilo Ridin' Rocket, Hegazkin, Estitxu, Wood Strings, Onki Xin eta Hipnosia.

Abenduak 8: S.A.D., Birkit, Astoturfer, Nahiak Nahi, Liher, Klak!son, Giante, Madeleine, Screamers and Sinners eta Errietan.