argia.eus
INPRIMATU
Plateruenak 10 urte bete ditu eta herritarren laguntza eskatu du
  • Durangoko Plateruena Kulturguneak 10. urteurrena ospatuko du urriaren 31n. Antzokiaren bideragarritasuna bermatzeko laguntza eskatu diete herritarrei.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 31
Zorrari aurre egiten laguntzeko, diru-ekarpen eta borondatezko lan kanpaina jarri dute martxan.

10. urteurrenaren ospakizun egitaraua prestatu du Plateruenak ostiral honetarako.

Urteak betetzen jarraitu ahal izateko, ordea,  “Zilarberritzen” prozesu parte-hartzailea hasi dute aurten. Durangaldeko eragile, elkarte eta sortzaileekin hausnartu dute kultur egitasmoaz, eta Durangoko Udalarekin ere kudeaketa bideragarria zehazten aritu dira.

Kulturgunea eraikitzean sortutako zorrari aurre egiten laguntzeko, diru-ekarpen eta borondatezko lan kanpaina jarri dute martxan Plateruenean. Argibide gehiago aurki daitezke Durangoko kulturgunearen webgunean.

Urriaren 31ko egitaraua

19:00etan hasiko da urteurrenarekin lotutako programazioa, erraldoi, dultzainero, dantza eta batukadaz osatutako kale animazioarekin. Handik ordu erdira Kantulagun eta argi soinu ikuskizuna eskainiko dute Plateruena kanpoan.

20:00etan Izarren hautsa dantza ikuskizunaren txanda izango da, gero Mikel Nuñez eta Ander Erzillaren musika emanaldia, pintxo dastaketa eta 21:00etatik aurrera DJ Ainhoaren emanaldia.