Plataforma digitaletako euskarazko ikus-entzunezkoak katalogatzen ari dira Zer Non Ikusi webgunean. Zinema aretoetan euskaraz ematen ari diren filmen berri ere jasotzen dute.
Azken urtean plataforma digitaletan euskarazko edukiak egon daitezen eskatzen duten ahotsak Pantailak Euskaraz ekimenaren bueltan batu dira, eta pixkanaka ari dira hainbat plataforma eskaera horri erantzuten. Baina lehendik ere bazeuden filmak eta telesailak han eta hemen ikusgai. Sakabanatutako ale horiek katalogo bakarrean bildu eta non topatu erakustea da Zer Non Ikusi webgunearen xedea. Kataluniako Desdelsofa.cat webgunearen eredua jarraituz, plataforma digitaletan dauden euskarazko edukiak katalogatzen ari dira pixkanaka. Horrez gain, zinemetan euskaraz ikus daitezkeen filmen berri ere ematen ari dira.
Uztailean eman zuten argitara, ehun filmen langa gainditutakoan. Besteak beste YouTube, EiTB Nahieran, Filmin, Amazon Prime, Rakuten eta Netflix plataformetako edukiak katalogatu dituzte, eta eLiburutegian eskuragarri daudenak ere bildu dituzte. Filmekin hasi baziren ere telesailak ere gehitzen ari dira dagoeneko, eta euskaraz bikoiztutakoez gain euskarazko azpitituluak dituztenak ere katalogatzen hasi dira.