Astelehenetik aurrera, Ingalaterrako saltoki handiek plastikozko poltsa bakoitzeko 5 penike (6 zentimo) kobratuko dituzte, ingurumena babesteko eta zabor bilketaren kostuak txikitzeko xedearekin.
Gobernutik adierazi dutenez, neurri hau aplikatzeak supermerkatuetan egiten den plastikozko poltsen erabilera %80 murriztea ekarriko du. Talde ekologistak pozik agertu dira, baina neurria denda txikiei ere aplikatu beharko litzaiekela deritzote. Izan ere, legeak soilik 250 langile baino gehiago dituzten supermerkatu eta saltoki handiei eragiten die. Horren harira, “Friends of Earth” talde ekologistako kide den David Powell-ek adierazi du neurria partzialki aplikatzeak ez duela bilatzen den aldaketa eragingo, jendeak eta dendek poltsa kontsumoarekiko duten jarrera aldatzea, hain zuzen.
Zernahi ere, Jessica Elgot kazetariak The Guardian kazetan azaldu duenez, egoera jakin batzuetan supermerkatuek poltsak debalde eskainiko dituzte. Esaterako, arraina, haragi gordina, preskribatutako botikak edota lore eta haziak erosterakoan bezeroek poltsak musu-truk eskuratu ahalko dituzte. Dena den, Elgotek dioenez, artikulu horiekin batera poltsan beste zerbait sartu ezkero, ordainketa aplikatu eginen da.
Horrenbestez, Ingalaterrak Erresuma Batuko beste hiru eskualdeen bideari jarraitu die. Neurri hau aplikatuta, Eskozia, Gales zein Ipar-Irlandan plastikozko poltsen kontsumoak nabarmen egin du behera, beraz, Ingalaterran beste horrenbeste gertatzea espero da. Beharra badirudi badagoela, bertako erosle bakoitzak bataz beste 12 poltsa erabiltzen baititu hilabetean (Galesen, adibidez, hilabetean zehar soilik 2 erabiltzen dituzte).
Etekinak, bidezko kausetara zuzendurik
Elgotek bere artikuluan dioenez, Ingurumena errespetatzeaz landa, poltsak kobratzeak gizarte onurak ere ekarriko ditu. Izan ere, saltokiek poltsen salmentaren bidez lortutako dirua bidezko kausetara zuzendu beharko dute –Gobernuari dirua zertan gastatu duten aitortu beharko diote–. Ogasunak neurri honi esker urtean 19 bat milioi libra biltzea aurreikusten du, eta esandakoa betetzen bada, guzti hori kausa zintzoei emanen zaie.