argia.eus
INPRIMATU
Plastikozko kutsadura: gobernuek beren benetako aurpegia erakutsi dute Plastikozko Poltsarik Gabeko Egunean
  • Europar Batasuneko estatuak atzera ari dira geratzen erabilera bakarreko plastikozko zorroak debekatu eta plastikozko kutsadura eragozteko bidean, hala ohartarazi dute ZWE Zero Waste Europe eta SFE Surfrider Foundation Europe erakundeek Plastikozko Poltsarik Gabeko Nazioarteko 9. egunean. ZWEeko Ariadna Rodrigok eta SFEko Justine Maillotek sinatu dute hori azaltzen duen txostena.

Zero Waste Europe @zerowasteeurope 2018ko uztailaren 03a

SFE Surfrider Foundation Europek zabaldu du ZWE Zero Waste Europerekin elkarlanean prestatutako "Oraindik aitzakia bila? Europak garaia du plastikozko poltsen kutsadurari aurre egiteko", aztertuz zertan mamitu den Europar Batasunak 2015ean plastikoak murrizteko hartu zuen erabakia. Hura herrialde bakoitzak bere legedian txertatzeko azken epetik 18 hilabete pasatu direnean, nabarmena da estatu askok hartutako neurriak ahulegiak direla.

SFEren Europako arduraduna den Justine Maillotek esan du: "EBko herrialde askotan hartutako neurriak kasurik onenean ere erdi bidean geratu dira. Ez dago aitzakiarik gehiago atzeratzeko. Gobernuek anbizio handiagoz ekin behar diote plastikozko kutsaduraren krisiari".

Erabilera bakarreko plastikozko zorroak debekatzeko ordea, herrialde gehienek ezarri dituzte komertzioekiko itun borondatezkoak edo plastikozko zorroak kobratzeko araua, eta gainera horiek ere zenbait estatutan datorren urtera arte atzeratu dira. Egia den arren plastikozko poltsen zergak eragin dezakeela aldaketa bat kontsumitzaileen ohituretan, ZWE eta SFEk ohartarazten dute erabilera bakarreko plastikoen desagertarazteko beharrezkoa dela hornitzaileen gain eragitea. Gauzak okertzeko, herrialde askotan plastikoaren gaineko zerga txikiegia da, edo komertzio gutxiegiri eragiten die, benetan aldaketa bat ekartzeko. Erabakiak eguneroko bizian mamitzerakoan kontrola falta dela ere argudiatu dute.

Txostenak azaltzen ditu kezkak zergarik gabe uzten direlako edo oso zerga txikiekin plastiko oso arinezko poltsak eta zorro biodegradagarriak. ZWE eta SFEren ustez honek erakusten du zer nolako kontraesanean dauden plastikozko poltsen kutsaduraren kontrako borroka eta erabili-eta-bota kultura; nabarmentzen dute badaudela gaur ere horientzako alternatibak, erabilera anitzeko poltsa eta otarrak, eta horiei eman behar zaiela lehentasuna.

Break Free From Plastic [Hautsi Plastikoekiko Menpekotasuna] mugimenduaren kide izaki,SFE eta SWEk dei egiten diete Europar Batasuneko estatu kideei urgentziaz Plastikozko Poltsen Zuzentaraua ezarri eta plastikozko poltsen kutsadurari amaiera ezartzeko, benetako ekonomia zirkularra bultzatuz.