argia.eus
INPRIMATU
Plastikoaren lobbyak lortu du Nafarroako hondakin legea hondatzea, salatu dute ekologistek
  • Greenpeace elkarteak salatu duenez, plastikoaren industriak lortu du Europako araudirik aurreratuenetakoa izan zitekeen Nafarroako Hondakin Legea urardotzea, parlamentuak egindako aldaketa batzuen poderioz lege horren indarrean jartzea bi urtez atzeratuz.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko abenduaren 30
Nafarroako hondakin legeak plastikoari esandako agurra atzeratu egin dute orain.

Nafarroako Hondakin Legeak aurreikusten zuen 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera lurralde honetan erabilera bakarreko plastikozko ontzi eta trasteak –platera, edalontzi eta abar luzea– debekatzea, baina debekua bi urterako atzeratzea onartu du legebiltzarrak. Eta hau plastikoaren lobbyaren garaipena izan dela salatu du Greenpeace elkarteak, "noiz eta klimaren larrialdi betean gaudenean". 2018an Nafarroako Parlamentuak onartutako 14/2018 foru legea 2019ko abenduaren 19an malgutu du legebiltzarrak berak. "Greenpeacek deitoratzen du Nafarroako agintariek amore eman izana plastikoaren lobbyak egindako presioari", salatu du gordin elkarteak.

Nafarroako hondakin eta ingurumen aferetan ezaguna den Compañia de las 3Rs elkarteak ere petto larritzat jo du legebiltzarrak egindako aldaketa: "Ingurumenaren babesa kaltetzen duen atzerapauso bat da, zorroztasun eta seriotasun falta erakusten du eta baita errespetorik eza ere Hondakin Lege eredugarri bat lortzeko bilkura ugarietan parte hartu zuten eragileekiko".