argia.eus
INPRIMATU
Plastikoak errez erregaia sortu? Minbizia eragiten duen teknika “ekologiko” berria AEBetan
  • AEBetako Ingurumen Babeserako Agentziak Chevron birfindegiari baimena eman dio plastikoak errez erregaia sortzeko, estrategia ekologistaren eta petrolioarekiko dependentzia txikitzearen izenean. Airea arnasten dutenen artean, ordea, lautik batek minbizia garatuko du, ProPublica eta The Guardianek egin duten ikerketaren arabera.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 01

Chevron petrolio-enpresa kaliforniarrak erregaiak sortzeko garatu duen teknika berriak minbizia sortzen du, ProPublica eta The Guardianek egin duten ikerketaren arabera. Dioenez, airea arnasten dutenen artean, lautik batek minbizia garatuko du. AEBetako Ingurumen Babeserako Agentziak (EPA) onartu egin du enpresaren proposamena, eta klima krisiari aurre egin behar dion estrategia ekologikoaren baitan kokatu du. 

Erregai mota hau plastikoa erraustuta sortzen da, eta hegazkinetako motorretarako erabili nahi dute. Sortze prozesuan isurtzen diren gasek kalte egiten diote ingurumenari eta pertsonen osasunari. Ikerketak ondorioztatu duenez, CO2 isurketak handituko lituzke. Gainera, erregai hori arnasten dutenen artean, minbizia garatzeko aukera EPAk onartzen duena baino 225.000 aldiz handiagoa da, eta tabakoa erretzea baino arriskutsuagoa.

Dirudienez, EPAk badaki nolako arriskua dakarren erregai mota horrek, eta langileek diote datuen berri badutela. 

Chevronen asmoen arabera, Mississippiko Pascagoula hirian erraustuko dute plastikoa. Hala, gas isurketen kalteak jasango dituzten gehienak komunitate txiroak eta beltzak izango dira.