argia.eus
INPRIMATU
Plastiko hondakinak Europako itsasoetan, gero eta arazo handiagoa
  • Greenpeacek nazioarteko kanpaina bat ipini du abian, Europako itsasoetara iristen diren plastikozko hondakinen kutsaduraz ohartarazteko. Elkarte ekologistaren asmoa da Europar Batasunean eztabaidatzen ari diren eta uda baino lehen onartu behar diren ontzi-hondakinei buruzko zuzentarauetan arazo horri aurre egiteko neurri eraginkorrak har daitezela. Besteak beste, erabilera bakarreko plastikozko ontziak murriztu daitezen eskatu diete europar ingurumen ministroei.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko apirilaren 20a

Greenpeacen esanetan, munduko ozeanoetara urtero 4,12 eta 12,7 milioi tona plastiko iristen direla kalkulatu dute zientzialariek, %80 inguru lehorretik. Kopuru horiek gorantz egingo dute seguruenik, plastiko ekoizpena urtez urte gora baitoa munduan. 2002 eta 2013 artean ia %50 handitu zen, Greenpeacek zabaldutako datuen arabera: 204 milioi tonatik 299ra. Espero da 2020rako 500 milioikoa izatea, hau da, 1980an baino %900 gehiago.

Txinaren ostean, Europa da munduko plastiko ekoizle handiena. Urtero 50 milioi tona inguru sortzen dira gure kontinentean, %40 ontziak egiteko.

Itsasora iristen den plastiko hori gero eta zati txikiagoetan deskonposatzen da, eta azkenerako elikadura katean sartzen da. Hortaz, itsas faunari kalte egin ez ezik, gizakioi ere eragiten digu, jaten dugun arrainaren bitartez.

Greenpeacek dioenez, 2014an Europako hondakin-fluxuan sartu zen plastikoaren %30 besterik ez zen birziklatu. %40 erraustua izan zen, eta gainerako %30 zabortegietara isuria. Kopuru horietatik kanpo daude zuzenean ingurumenera botatzen diren milioika plastikozko ontzi. Horietako asko ibaietara eta, azkenik, itsasoetara iristen dira.