argia.eus
INPRIMATU
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek
  • Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 19a
Plastikozko botilak Plastikozko botilak

Plastiko-fabrikatzaileek duela 30 urte baino gehiagotik dakite birziklatzea ez dela ekonomikoki edo teknikoki irtenbide bideragarria beren hondakinak kudeatzeko, baina hamarkadetan eutsi diote praktika horri, Center for Climate Integrity (CCI) GKE-k berriki egindako ikerketa baten arabera.

Plastikoa petroliotik eta gasetik egiten da, eta oso zaila da birziklatzea. Hori lortzeko sailkapen zorrotza behar da, dauden milaka barietateak, konposizio kimikoagatik, ezin direlako batera birziklatu, berez garestia den prozesu bat are gehiago garestituta. Bada beste arazo bat ere: erabilera bakoitzaren ondoren materiala degradatzen da, eta horrek, oro har, behin edo bitan berrerabiltzera mugatzen du.

Txostenaren arabera, hamarkadak dira industriak marketin-kanpainetan sistematikoki ezkutatu dituen arazo larri horien berri duela.

Txostenaren arabera, sektoreko adituek denbora hori guztia eman dute esaten plastikoen birziklatzea "antiekonomikoa" dela, ez dela “hondakin solidoentzako irtenbide iraunkor gisa hartu behar", eta ezin duela “mugarik gabe jarraitu". Ikerketaren egileen arabera, aurkitutako frogek petrolio- eta petrokimika-enpresak eta horien merkataritza-elkarteak inkriminatzeko balio dezakete, marketin engainagarriaren eta kutsaduraren aurkako babes-legeak hausteagatik.

Erabilera bakarreko plastikoak

1950eko hamarkadan, plastiko-fabrikatzaileei ideia bat bururatu zitzaien, beren produktuak etengabe hazteko merkatua ziurtatuko zuena: erabili eta botatzekoak egitea. Davis Allen CCIko ikertzaile eta txostenaren egile nagusiaren arabera, "bazekiten erabilera bakarreko plastikoetan zentratuz gero, jendeak erosi eta erosi egingo zuela".

Hainbat hamarkadatan, industriak iritzi publikoan mezu hau txertatu zuen: plastikoak erraz bota zitezkeela zabortegietara edo erraustegietan erre zitezkeela. 1980ko hamarkadan udalak, besteak beste, plastikozko poltsen debekua planteatzen hasi ziren arte, eta industriak irtenbide berria bilatu zuen: birziklatzea.

“Erantzuleen” artean, BASF, Chevron Philips Chemical, ExxonMobil Corporation, Eastman Kodak eta INEOS Group Limited aipatu ditu txostenak.