argia.eus
INPRIMATU
Plastiko beltzak jartzen jarraituko dutela diote alarde baztertzailearen aldekoek
  • Denis Itxaso Gipuzkoako ahaldun nagusiordeari zuzendutako testu bat argitaratu du Jaizkibel konpainiaren aurkako protesta antolatzen duen Hondarribiko Emakumeak taldeak. Emakumeek gizonen baldintza berdinetan parte hartzen duten alardeari plastiko beltzak jartzea “emakumeen indar pasiboaren sinbolo unibertsala da”, talde horren arabera.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 07a
Alarde baztertzailearen aldekoek plastiko beltzak jartzen jarraituko dutela iragarri dute.

Ostegunean Gipuzkoako Foru Aldundiak publiko egin zuen ohar baten bidez, Denis Itxasok eskatu zuen Hondarribiko alardean Jaizkibel konpainiaren kontra kale nagusian jartzen diren plastiko beltzak erretiratzeko. Ez dirudi eskariak eraginik izango duenik, Hondarribiko Emakumeak taldeak Facebooken argitaratu duen oharra irakurrita.

Gaztelaniaz argitaratutako testuan Denis Itxasori adierazi diotenez, “onartzeko prest gaudenaren mugak” garbi uzteko jartzen dute urtero Jaizkibelen kontrako “harresi beltza”. “Protesta” hori zilegi dela baieztatu dute eta Itxasok eskatutakoa gorabehera, ez dutela alde batera utziko.

Gainera, Itxasok alarde baztertzailearen aurkakoei Mozal Legea ezarri nahi diela adierazi dute. “Badakizu zer? Momentu honetan gu gara zure aldetik erasotuak!”, gaineratu dute.

Larunbatean ospatuko da Hondarribiko alardea, bitan zatituta. Emakumeek soldadu paperean ere desfilatu dezaketen Jaizkibel konpainia igoko da kale nagusian gora. Ondoren, alarde baztertzailearen txanda izango da, plastiko beltzik gabe.

Desfile parekidea babesteko deia egin du Euskal Herriko Bilgune Feministak. “Inoiz ez zarete borroka honetan bakarrik egongo” lemapean, goizeko 7:15ean Hondarribiko zumardira joateko eskatu diete herritarrei, koloretako zapia lepoan jantzita, Jaizkibelen martxari sostengua emanez.