argia.eus
INPRIMATU
“Planteatuko al litzateke TVEn kazetariak espainiera ez jakitearen burugabekeria?”
  • Elixabete Garmendia kazetaria elkarrizketatu du Euskonews agerkariak. Kazetari sena nola piztu zitzaion eta nola trebatu zen garai hartan emakumezkoetan hain arrotza zen mundu edo ofizio horretan; orduko euskal hedabideen egoera, Iruñean burutu zituen ikasketen sasoia eta Zeruko Argian praktiketan hasi, lanean ibili eta zuzendari izan zeneko garaiak ekarri ditu gogora, besteak beste, Josemari Velez de Mendizabal Azkarragarekin izan duen solasaldian. Baina, batik bat, ETBko hizkuntza politikaz jardun da kazetari ormaiztegiarra.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 31
Elixabete Garmendia: "Orain arte izan diren zuzendari guztiek ETB1en inguruan hitz arranditsuak bota dituzten arren, aurrekontu portzentajeak ulertezinak dira." (Argazkia: Euskonews)

Garmendiaren elkarrizketatik ETBren inguruko pasarte batzuk jarraian:

EiTB, gaztelaniazko katearen alde... gaur arte?

“EiTBren jarrera nagusia gaztelaniazko katearen aldekoa izan da beti, bi kateak presente egin zirenetik, orain arte izan diren zuzendari guztiek ETB1en inguruan hitz arranditsuak bota dituzten arren, aurrekontuen portzentaje eta zenbaki ulertezinak tarteko. Ziurrenik, euskarazko inbertsioetako dirurik handienak futbol partiden eskubideak erosten xahutuko ziren!

Agintarien interes gehien bereganatu duena ETB2 dela bizi izan dugu. Eta ETB1, beti, haren morroi gertatu da. Adibidez, zergatik ez dira sekula orduz mugitu ETB2ren teleberriak?"

“Azkeneko zuzendaritza honek, denboraldi berri honetan, ETB1eko programazio propioa sustatu du eta pauso bat da. Pentsatu nahi dut gaur egungo zuzendaritzan badagoela borondatea —eta eskarmentua— ETB1i kasu egiteko. Baina horretarako agintari politikoen borondate irmoa ezinbestekoa da. Ezin dute telebista publikoa kudeatu bozgorailu hutsa balitz bezala”.

“Euskal telebista izena daraman medio batean lan egiten baduzu, nahiz eta gaztelaniazko katean izan, nola bete dezakezu ondo lana euskarak berarekin daramatzan jakintza eta kultura ulertzeko gai ez bazara? Planteatuko al litzateke TVEn kazetariak espainiera ez jakitearen burugabekeria? Bada, hori ETBko zuzendaritza guztiekin jazo da. (...) Ez dago presiorik euskara jakin gabe sartu den pertsonala euskalduntzeko. Administrazioko zenbait arlotan funtzionarioak euskalduntzeko indarrean dauden plangintzak arrotzak dira ETBn”.

“Azkenaldian fenomeno bat ari naiz ikusten: ETBko albistegietarako elkarrizketa bat egitera joan eta geroz eta jende gehiagok eskatzen dizu euskaraz bakarrik egitea eta ETB2rako azpidatziak erabiltzea. Eta ez da jarrera militante hutsa, euskara bere hizkuntza natural gisa sentitzearen ondorioa baizik”.

 

Irakurri elkarrizketa osoa Euskonews webgunean.