argia.eus
INPRIMATU
Plantaina
  • Bortxain-belarra, bost-zainetako belarra, zaintiratu-bedarra, zain-belarra edo plantainaz ariko naiz gaur. Gutxi izango dira hain ugariak eta hala ere ezezagun handia dugu, begiz ezagutzen dugu baina zertaraino baliagarri zaigun oraindik ez dugu probatu ziurrenik.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2024ko otsailaren 26a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Senide asko dituen familia da plantainarena. Ikerketa farmakologiko eta kliniko gehien plantaina arra edo ezpata-plantainarekin (Plantago lanceolata) egin direnez, hau hartuko dut eredutzat. Antzeko osaera eta propietateak izan ditzaketen hainbat espezie daude, plantaina emea edo plantain handia (Plantago major) izanik ezagunena. Baliokidea izan liteke baina ez substantzia aktibo eta jarduera terapeutiko guztietan.

Amabirjinak behiala plantaina hautatu omen zuen kristau guztien minak sendatzeko, hala dio Althabek jasotako esaerak (“Amaberjinak bestordüz haitatü zin plantaña khiristi ororen minen sendotzeko”). Askotxo esatea iruditzen zait baina egia da kristau eta ez kristau askoren minak sendatzeko balio duela.

C bitamina, zinka eta potasioa, azido azetilsalizilikoa, muzilagoak, saponinak, pektinak, taninoak, alkaloideak eta glukosido kromogeniko bat dituela badakigu. Horiei esker gaitasun antiinflamatorioa, astringentea, orbaintzailea eta antihistaminikoa ditu. Arnas bideetarako famatzen da, mintzak baretzen gutxi direlako bera bezain onak. Mukiak kanporatzeko, eztarriko mina baretzeko, marranta edo katarroa ditugunerako xarabea eduki behar genuke etxean. Asma eta bronkitisa dituenarentzat ere egokia da, epe ertain eta luzean erabiltzeko aproposa baita, kronikoak izan ohi diren gaitzetarako ona, beraz.

Berriki joan zaigun Gorka Setienek ekarpena eginez idatzi zidan: “Txikitan kukutxeztula plantainarekin sendatu nuela jakinarazi nahi nizuke. Bidaurrazaga medikuak erakutsi zion gure amari plantainak freskotan likuadoratik pasa eta basotxo batean ezti koilaratxo batekin nahastuta prestatzen. Egunean behin hartzen nuen”.

Arnas bideetarako hartzen hasi eta, oh sorpresa, digestioa egiten laguntzen diola ikusi du askok. Izan ere, hantura ororen kontrako lana egiten du eta urdailari gastritis zein ultzera kasuetan asko laguntzen dio. Beherakoak izateko joera duenari heste lodia baretzen dio, hala heste narritagarriaren zein minberaren sindromea dutenentzat bereziki egokia dela ikusi da berriki. Urdaileko mina tratatzeko maiz kamamila (Matricaria chamomila) hartzera jotzen dugu baina plantaina kamamilarekin hartuta ikusiko genuke askoz erremedio hobea ari garela hartzen.

Orain udaberrian boladan jarriko dira hamar eguneko arroz janak, detox berdeak eta gibel garbiketa ez oso gomendagarriak, digestio aparatuari egurra eman eta lehen zegoena baino estresatuago uzteko, ez beste ezertarako, asmatuak. Halakoren baten ondoren bere burua gaizki ikusten duenak hortxe dauka plantaina zain; goizero har dezala infusioa baraurik, hiru hilabetean jarraian.

Uda iristen denerako ere eduki behar genuke plantaina. Neguan barne erabileran bezala udan kanpo erabileran lagunduko digulako plantain oleatoak edo ukenduak. Izan ere, zauriak, babak, erredurak, intsektuen ziztadak eta urradura zain kolpeak oso ondo sendatuko dizkigu.

Uterotonikoa denez, haurdunaldian eta edoskitzerakoan ez da gomendatzen.