argia.eus
INPRIMATU
Plano aldaketa azkar asko dituzten marrazki bizidunen eragin negatiboa aztertu dute
  • Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko ekainaren 12a
Haurren artean arrakasta duten Bob Belakiren marrazkiek 35 plano aldaketa dituzte minutuko eta Paw Patrolek 25 plano aldaketa, asko da hori.

4 urteko 60 umerekin egin dute ikerketa. Soilik bederatzi minutu irauten duten marrazki bizidunak jarri dizkiete haurrei, baina bederatzi minutu izanda ere ondorioak ikusi dituzte. Haur batzuei erritmo azkarreko marrazkiak jarri dizkiete, besteei plano aldaketa geldoagoak dituztenak, eta hainbat zeregin jarri dizkiete ondoren –esaterako, Hanoi Dorrea egitea, tamaina ezberdineko piezak handienetik txikienerako ordenan jarriz dorrea egitea–, eta emaitzak “nabarmen okerragoak” izan dira erritmo azkarreko marrazki bizidunak ikusi dituztenen artean. Arreta, memoria, frustrazio, amorruaren autoerregulazio eta malgutasun mental txikiagoa antzeman diete talde horretako umeei, gutxienez marrazki bizidunak ikusi eta ondorengo uneetan.

Ikerketa duela urte batzuetakoa da, baina Alberto Soler haur psikologoak sare sozialetan aipatu eta gaia mahai gainean jarri du berriro ere. Solerren hitzetan, 4 urterekin “burmuina garatzen ari da eta informazioa prozesatzeko gaitasun mugatua du. Baliabide mentalak eskatzen dizkioten estimuluen bonbardaketa bati erantzun behar badio, haurrak gero ez du bestelako zereginetarako baliabide nahikorik izango, burmuinak neka-neka amaitu duelako".

Haurrak duen heldutasunaren araberako edukiak jartzea inportantea da, saihesteko estimulazio sentsorial gehiegizkoak, zer eta haurra oraindik prest ez dagoenean horiek kontsumitzeko eta kudeatzeko

Lehen, geldoago

Solerrek ohartarazi du haurrak duen heldutasunaren araberako edukiak jartzea inportantea dela, saihesteko estimulazio sentsorial gehiegizkoak, zer eta haurra oraindik prest ez dagoenean horiek kontsumitzeko eta kudeatzeko. Behin egungo ikus-entzunezkoen erritmo frenetiko eta zaratatsura ohituta zaudenean, ordea, sarri zaila da erritmo geldoagoa duten edukiak ikustea.

Esperimentu bat ere proposatu die Solerrek familiei: kontatu ditzatela minutu batean zenbat plano aldaketa dituzten seme-alabek kontsumitzen dituzten marrazki bizidunek. Adibideak eman ditu: haurren artean arrakasta duten Bob Belakiren marrazkiek 35 plano aldaketa dituzte minutuko eta Paw Patrolek 25 plano aldaketa, asko da hori; aspaldikoagoak diren Pocoyo eta Tom eta Jerry marrazkiek berriz, batez beste 8 plano aldaketa baino ez dituzte minutu batean.