argia.eus
INPRIMATU
‘Planeta Prekarioan’ aurkeztu eta solastatzeko aukera eskainiko du Pello Zubiriak Donapaleuko otsail ostegunetan
  • Otsailak bost ostegun izango ditu aurten, eta urteroko moduan, euskara hutsezko ekimenez jantziko dituzte.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 23a
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Lehen begi kolpean bost gonbidatu eta gaiek elkarren arteko loturarik ez dutela dirudien arren, hurbilagotik so eginda, denek komunean dute "gure bizi-nahiaren elikatzea" edota "gure komunitatearen imajinarioaren indartzea", besteak beste. Hori adierazi du Amikuzeko Zabalik euskalgintza taldeak.

Pello Zubiria Kamino ARGIAko kazetariak Planeta Prekarioan liburua aurkeztuko du otsailaren 8an. Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen ditu Zubiriak. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta erresistentziak kontatzen dituen lana da. Zubiriaren azalpen sakonagoak nahi dituenak, irakurgai dauka Jenofa Berhokoirigoinek eginiko elkarrizketa.

Otsaileko ostegunak, datorren hilaren 1etik hasita, honela atonduko dituzte iluntzeak Donapaleuko Bideak gunean:

  • Otsailaren 1ean, 20:30ean: Biziaroak. Herri kultura liburuaren aurkezpena, Juan Carlos Etxegoien Xamar idazlearen eskutik.
  • Otsailaren 8an, 20:30ean: Planeta Prekarioan liburua eta Pello Zubiria egilearekin solasa, ARGIA astekarian eramandako esperientziaren talaiatik.
  • Otsailaren 15ean, 20:30ean: Itxaro Borda gonbidatu, bere ibilbidearen bildumatik abiatuta solastatzeko.
  • Otsailaren 22an, 20:30ean: 1936ko gerrako iheslarien aterpea. Irungo Kepa Ordoki memoria taldeko Joxan Elosegi eta beste lekuko batzuen oroimenak.
  • Otsailaren 29an, 20:30ean: Euskara galbidean, ahalbidean ala zabalbidean?! izenburupean, Iñaki Iurrebaso eta Eneko Gorriren gogoetak.