Cemil Bayik PKK-ko buruak adierazi du helburua erreskate lanak ez oztopatzea dela eta su-etenak "herriaren mina arindu eta zauriak sendatu arte" iraungo duela.
Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) alderdi armatuak Turkian su-etena iragarri du ostegunean, lurrikaren ondorioz egiten ari diren erreskateak ez oztopatzeko asmoz. "Turkiako metropoli eta hirietan ekintza militarrak bertan behera uzteko agindu diegu gure indar armatuei", adierazi du Cemil Bayik PKK-ko buruak ANF-n.
Luzatzen ari dira lurrikaren ondorengo erreskate lanak Turkian, hainbat taldek eta herritarrek salatu dutenez. Hotz handia egiten du, eta Bayikek ohartarazi du herritarrak hondakinen artetik lehenbailehen ateratzen ez badira, hotzez hil daitezkeela. "Guztiok mobilizatu behar genuke gure jendea salbatzeko".
PKK-ko buruzagiak gaineratu du bere alderdiaren su-etenak "herriaren mina arindu eta zauriak sendatu arte" iraungo duela, eta erasoren bat jasoz gero kurduek beren burua defendatuko dutela.