argia.eus
INPRIMATU
PKK-k ez du babestuko Hego Kurdistaneko independentzia erreferenduma
  • Iraketik banandu eta estatu propioa sortzeko Hego Kurdistanek egingo duen erreferendumaren kontra azaldu da Kurdistango Langileen Alderdia (PKK), “kurduek ez dutelako estaturik behar”.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 25a

PKKren bozeramaile Duran Kalkanek egin dituen deklarazioen arabera, propaganda baino ez da erreferendum deialdia. Irailaren 25ean izango da Hego Kurdistango eta Irakeko instituzioen artean hala adostuta.

PKK alderdi marxistak, sortu zenean, Kurdistanentzat autodeterminazioa eta independentzia aldarrikatzen bazituen ere, azken urteetan Konfederalismo Demokratikoa izan da proposatu duen proiektu politikoa. Horren arabera, ez da estatu egiturarik behar gizon eta emakume kurduen askatasuna lortzeko.

Kurdistan Democratic Party (KDP)-ren buru eta Hego Kurdistango lehendakari Masoud Barzani eta PKKren arteko harremanak ez dira inoiz onak izan, eta batasun faltaz gain, kurduentzat proiektu politiko ezberdinak dituztela agerian geratu da beste behin ere.

Turkiako lehen ministro Erdoganek ere gogor kritikatu du erreferendumaren deialdia, eta atzeratzeko eskatu du behin baino gehiagotan. Barzanik berak erantzun du ez dela egun bakar bat ere atzeratuko erreferenduma.