argia.eus
INPRIMATU
Piztu grabadora, argitu iragana

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko ekainaren 19a

Gure langintzari ideologizatu eta subjektibo izatea leporatu izan zaionez, historialariok halako obsesio berezia dugu objektibotasuna eta zorroztasun zientifikoa mantendu nahi izatearekin. Ondorioz, iraganean, historialarien artean ere, ahozko-iturrien inguruko aurreiritzia zegoen. Giza-memoria ez da perfektua. Iragana gogoratzean akatsak, ahanzturak eta hutsuneak egon daitezke, nahita edo nahigabe. Horregatik ez zen egokia ikusten elkarrizketak egitea gertakari historikoen protagonistei eta lekukoei. Bestelako gizarte-zientzien aldean (soziologia, antropologia, psikologia, hizkuntzalaritza, zientzia politikoak…), ahozko iturriak berandu sartu ziren historiagintzan.

Gauzak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hasi ziren aldatzen. Historia sozialaren bidez, jende zapalduaren eta isildutako sektoreen testigantzak jasotzen hasi ziren, dokumentu idatzietan eta historia egiteko molde klasikoetan agertzen ez ziren subjektuen bozen bila. Hasiera-hasieratik ahozko iturriek konnotazio konprometitua eta militantea hartu zuten. Lehenik langile mugimendua etorri zen, eta haren atzetik mugimendu feminista eta XX. mendeko gerra eta diktaduren memoria historikoa. Ondorioz, historiaren demokratizazioa ekarri zuten ahozko iturriek. 1980ko hamarkadatik aurrera, ordea, itzuli kulturala gertatzearekin batera, historiaren bestelako gaiak lantzeko erabiltzen hasi ziren ahozko iturriak: egunerokotasuna, generoa, sinesmenak, pentsamendua eta ohiturak, esate baterako.

Ahozko iturriekin jardutea nire lanaren parte aberasgarrienetako bat da. Errepresioa, jazarpena, klandestinitatea edo indarkeria sufritu zutenen kasuan, aitorpena egiteko modu bat da

Hala ere, ez da ahaztu behar giza-memoria ez dela iraganaren biltegi hutsa. Erabat aldakorra da eta horrexegatik bestelako iturriek bezalaxe metodologia zorrotza behar dute: besteak beste, lehenik, identifikatu behar dira ahozko-testigantza baten atzean egon daitezkeen hutsuneak, distortsioak eta interesak; jarraian, testigantza horren egiazkotasuna epaitu behar da; eta azkenik, bestelako iturri batzuekin (ahozkoak ala idatziak) kontrastatu. Datu egiaztagarriak erauztea da helburua.

Esan bezala, ahozko iturriak bereziak dira. Bestelako iturri batzuetan ez bezala, ikerlariak iturriaren sorrera prozesuan parte aktibo hartzen du: berriemaileak bilatu eta aukeratu behar ditu eta galderak prestatu. Aukeratzen dituen berriemaileen edo egiten dituen galderen arabera, ikerketaren emaitza erabat ezberdina izan daiteke. Gainera, kontatzen dena ez ezik, nola kontatzen eta gogoratzen den ere aztertu daiteke.

Ahozko iturriekin jardutea plazer hutsa da; nire lanaren parte aberasgarrienetako bat. Batik bat, berriemaileei egindako lanaren fruitua itzultzen diegunean: ikerketen emaitzak argitaratzean, prentsan azaltzerakoan ala memoria-ekitaldiak egiterakoan. Ikusten dute haien testigantzak benetan balio zuela eta ekarpena egin zutela historian. Errepresioa, jazarpena, klandestinitatea edo indarkeria sufritu zutenen kasuan, aitorpena egiteko modu bat da.