argia.eus
INPRIMATU
Piztu da Iraultza Txikien Sua
  • Asteazkenean hasi da Iraultza Txikien Akanpada, Arteako Basoa defendatzaileen etxean. Ehunka lagunek eman dute izena igandera arte luzatuko den egitarau oparoa gozatzeko.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko abuztuaren 26a
Argazkia: ARGIA

Bazkalaurretik hasi dira heltzen herritarrak Basoara, Euskal Herriko txoko askotarik helduta. Ordurako prest zeuden hitzaldietarako hiru guneak (Elkarrekin eraiki; Elkarrekin gogoetatu; Elkarrekin borrokatu), txosna, dendaz edo furgonetaz kanpatzeko guneak, sukaldea, agertokia eta beste.

Harrera ekitaldia

Harrera ekitaldiak eman dio hasiera ofiziala Iraultza Txikien Akanpadari (ITA). Hainbat borrokaren ikurrek hartzen zuten zentroaren inguruan bildu dira 80 pertsona inguru, txalapartak erakarrita. Ezkerraldeko hiru bertsolari gaztek bertso bana kantatu ostean, bertaratutakoei ongi etorria eman diete hainbat hizlarik. Arratia eskualdeko auzokide batek hartu du hitza lehenik, eskualdearen ezaugarriak azalduz, eta indarrean dauden borroka eta mugimendu nagusiak aletuz: agroekologikoa, harrerarena, gaztetxeena edo feminismoa, besteak beste. Basoa defendatzaileen etxeko bi kidek akanpada hartu duen proiektuaren ardatz nagusiak azaldu dituzte. “Lurra eta eskubideak defendatzeagatik bizitza arriskuan duten” mundu osoko ekintzaileentzako babes etxea da Basoa, eta aktibismoa praktikatik birpentsatzeko gunea. Hirugarrenik ITAko bi ordezkarik kanpaldiaren helburuak gogoratu dituzte. Ostegunetik igandera bitartean, Euskal Herri osoko ekintzaileen topagune izan nahi du ITAk. Ezberdinen arteko saretzea eta konplizitatea bultzatuz, erradikaltasunean sakonduz, “zoriontasunean eta justizian oinarritutako Ongi Bizitzea” praktikatuz.

“Sinistu, egin, erradikaltasunez ekin”

Bi audio izan dira ekitaldian. Roazhoneko (Bretainia) espetxean preso dagoen Itziar Moreno euskal preso politikoak ongi etorria eman die kanpaldian bildutakoei, zorionak eman dizkie antolatzaileei, eta borrokaren beharra defendatu du. "Sinesten, egiten, erradikaltasunez ekiten. Bazterretik erdigunera jausi eginez, presook, transok, etorkinok, baserritarrok, putok, indigenok irauli eta eraikiko dugu Euskal Herri berria".

Ondoren Etxaun Lekue bertsolariak ITArako idatzitako koplen txanda izan da. Soinu ekipotik bertso musikatuak entzuten ziren bitartean, adaxkatxoak banatu dituzte partaideen artean, lehenbizi batak besteari su ematen lagunduz, eta ondoren su txiki guztien baturaz su handi bat piztuz. Besarkada kolektibo batekin itxi dute ekitaldiak, koplak denen artean abestu ostean.
 
 
Ehunka izen emate

Asteazken arratsaldean bertan hiru mahai-inguru egin dira ITAn: Ekonomia sozial eraldatzaileko esperientziak; Erronka eta praktika feministak, gure arrazakeriaren ardura hartzen; Brasilgo MSTaren formazio eta antolaketa politikoa aztergai. Hasiera besterik ez da izan, hurrengo la egunetan 40 hitzaldi, emankizun, manifestazio, azoka eta bestelako egingo dira Basoan. Egitarau mardula, eguraldi ona, eta egun bakoitzerako 250 izen-emate baino gehiago. Baldintza ezin hobeak herrigintzaren sua pizteko.

 

 

Argazkia: ARGIA
Argazkia: ARGIA
Argazkia: ARGIA
Argazkia: ARGIA