Ez dute MTVren aurkako kanpaina soila egin nahi, MTVk duen sinbologia baliatuz, "herri nortasuna galtzen ari den hiri ereduaren salaketa" egin nahi dute Piztu Bilbo, Itzali MTV plataformako kideek, "beste Bilbo bat, anitza eta herrikoia" balioan jarriz. "Inposatutako hiri ereduari" aurka egitea ez ezik "oraindik mantendu eta mugitzen den hiri anitza" goraipatzea dute xede.
Euskal Herriko hirietako "aldaketa bortitzengatik" kezka agertu dute gaur Piztu Bilbo, Itzali MTV plataforma osatzen duten talde eta kolektiboek. Gogor kritikatu dituzte EAEko erakundeek sustatzen duten Basque Country-Euskadi marka, "gure bizi esparrua erakusleiho gisa" erabiltzen duelako, eta euskal kultura eta nortasun anitzak "folklore huts bezala" saltzen dituelako.
Bilbon, zehazki, turismoaren gorakadak eta instituzioek erakarritako makro jaialdi eta ikuskizunek, "merkataritza jarduera kultur ekintzen gainetik" jarri dutela salatu dute, "sektore herrikoi eta anitzen marjinazioa ekarriz". Horregatik adierazi dute aurtengo azaroan MTV European Awards sariak Barakaldoko BECen banatzea diru publikoaren erabilera "elitista eta baztertzailea" egitea dela. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ikuskizun hori antolatzeko hiru milioi euro gastatuko dituzte.
Egoera horren aurrean Bilboko eragile desberdinek bat egitea eta saretzea erabaki dute Piztu Bilbo, Itzali MTV plataforman. Auzotar elkarteak, kultur arloko eragileak, mugimendu feminista, mugimendu internazionalista eta lan esparruko eragileek, besteak beste. Ez dute nahi MTV European Awards eta antzeko jaialdirik, "kaltetu" egiten dituelako.
"Sexuen arteko ezberdintasun hierarkikoak indartzen ditu MTV bezalako ekimenak. Abestiek plazaratzen dituzten mezuen, zein oholtza gainera igotzen diren emakume zein gizonen eredu zapaltzaileak bistakoak dira. Guzti honek genero rolen betikotzea dakarrela salatu nahi dugu. Gainera, lan prekarioak dira ekimen honek, konkretuki, eta parekoak diren beste hainbatek uzten dizkigutenak. Batez ere gazteriari eta etorkinei bideratutako lan baldintza eskasak lan aukerak bailiran mozorrotu eta saldu egiten dizkigute. Eta gutxi balitz, musika eta kulturaren negozio elitista izaera oraindik gehiago indartzen da; folklore herrikoia eta euskara baztertuz".
Ildo horretan, larunbatean, hilak 28, Beste Bilbo bat posible da, kalea ez da isilduko lelopean Plaza Eliptikotik eguerdian abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egin diete bilbotarrei.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.