argia.eus
INPRIMATU
Foro Soziala
“Pixkanaka-pixkanaka baldintzak eraikitzen ari dira espetxe-politika garai berrira egokitu ahal izateko”
  • "Ulertzen dugu elkarbizitzarako ekarpen erabakigarria egiteko unea iritsi dela", adierazi dute ostegunean Foro Sozialeko kideek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. "Ibilbide honen edukiei buruzko eztabaidari heldu egin behar zaio, lehenbailehen. Horrek aukera emango du presoen egoerari behin betiko konponbidea emateko".

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 02a

"2018ko maiatzean ETA deseginda, gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko faseari aurre egiteko moduko baldintzak sortu dira", esan du Teresa Todak. "Hala ere, fase honetan behin betiko sakondu ahal izateko, oraindik konpontzeke dauden hiru korapiloak askatu behar dira: biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea; gizarte-espazioetatik memoria kritiko eta inklusibo baten eraikuntza sustatzea; eta espetxeetako salbuespen-politika behin betiko desaktibatzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea, presoak birgizarteratzeko ibilbide eta guzti".

Hirugarren puntuari dagokionez, Todak adierazi du badakitela "presoei salbuespen-neurriak aplikatzen jarraitzen zaien testuinguruan gaudela", baina gehitu du pixkanaka-pixkanaka baldintzak eraikitzen ari direla "arrazoizko epe batean espetxe-politika garai berrira egokitu ahal izateko, betiere sendotasunez eta modu konstante batean egiten bada".

"Luzamendu gehiagorik gabe, ibilbide horren edukiei buruzko eztabaidari ekiteko unea da", esan du Foro Sozialeko kideak. "Ulertzen dugu birgizarteratze prozesu batek arrakastatsua izateko, prozesu gisa ulertu behar dela, ziegatik hasita, kaleraino. Eta, horretarako, ondo definitutako bi fase izan beharko ditu: lehenengoa eta premiazkoena presoak espetxe barruan jarraitu behar duen ibilbidea zehaztea izango litzateke, lehen gradutik bigarrenera egiteko bermeak ahalbidetuz, eta, nagusiki, bigarren gradutik hirugarrenera egiteko bermeak ahalbidetuz; bigarrena, laguntza instituzionala eta soziala espetxe-baimenen fasean (bai bigarren graduan, bai, nagusiki, hirugarren graduan) eta erabateko birgizarteratze fasean".

Prozesu horrek arrakasta izateko, beharrezkoa da, batetik, "Espainiako Gobernuaren borondate irmoa"; bestetik, "motibazio politikoen ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonek parte hartzea; eta hirugarrenik, "Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren borondate irmoa, bai eta gizarte zibileko erakundeena ere, pertsona horien birgizarteratzean ekarpena egin dezaten".

"Birgizarteratze-prozesu horrek lehen fase bat izan behar du, premiazkoa eta laburra, oinarrizko premia ekonomiko eta sanitarioak asetzen dituena, eta epe laburrean egonkortzea lortzen duena. Gainera, bigarren etapan, bizitzeko baliabide iraunkorrak eskaini nahi dira, bai eta osasun-, gizarte-, ekonomia-, hezkuntza- eta okupazio-laguntza egokituak".