argia.eus
INPRIMATU
Pixka bat libreago Nafarroan
  • Nafarroako Legebiltzarrak 2003ko Ikurren Legea bertan behera utzi du Gobernua sostengatzen duten lau alderdien sostenguarekin eta ez da sentitu lurrikararen erreplikarik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko martxoaren 30a
2015ean ikurrina jarri zen Iruñeko Udalean txupinazo egunean.

Poza ematen du UPNko eta PPko parlamentariak Nafarroako Legebiltzarretik protestan ateratzea. Lehen hori ezker abertzaleak edo beste edonork egiten bazuen, ez zuen parlamentuaren demokraziarik onartzen. Baina, jakina, bai lehen, orain eta geroago, parlamentua ez da parlamentariaren botoa bakarrik, nahiz eta nagusiki hori den.

Gaurkoan, gainera, banderen gerran ez da ikurrinaren presentzia fisikorik izan, Nafarroako bandera eta Espainiako errepublikarra –Izquierda-Ezkerrak aterata– ibili baitira lehian, bata guztiz konstituzionala eta bestea “inkonstituzionala” PPko eta UPNko ordezkariek adierazi dutenaren arabera.     

Protesta egin du eskuin nafarrak Nafarroako Legebiltzarrak 2003ko sinboloen legea bertan behera utzi duelako, gobernu akordioan aurreikusita zegoen moduan. UPNren eta PSNren gehiengo instituzional eta politikoaren garai zapaltzaileetan onartutako lege zigortzailea zen hura, ikurrina zigortzea besterik bilatzen ez zuena, funtsean nafar sentitzeko modu bat zigortzea. Eta gogotik zigortu dituzte lege zapaltzailea onartu ez duten udal eta herritarrak. Ez udaletxean, kalean ere ezin zitekeen agertu ikurrinarik, esate batera Iruñeko sanferminetako Txupinazoan.

Hala ere, lasai egon daitezke UPN, PP eta PSN, Nafarroan, Nafarroako bandera gorri konstituzionala eta Espainiako bandera dira nagusi Nafarroako udal sinboloen paisaian – Espainiako Estatuko leku gutxitan moduan gainera–, besteak beste Espainiako Legeak hala behartzen duelako,

Honekin, aldaketaren laukoteak beste agintuetako bat bete du eta ez txantxetakoa. Gobernua berriz hartzen badute, UPNk eta PSNk legea berriz jarri beharko dute abian, eta hori ez da 2003an bezain samurra izango. Eta horrela beste hainbat gauzekin ere. Tira, hurrengo kapitulua udako festekin batera ikusiko dugu, PPko parlamentari Ana Beltranek ikurrinak jartzen badira, “istiluak” iragarri baititu.