Hil zorian dugu EGA. Erail egin dute. Hil kanpaia jo eta hiletara deitu dute herri osoa, herriko plazan gaizkilerik gaiztoena urkamendira eraman ohi duten gisan deabrutu, herritarrekin etsaitu eta erretzeko prestatzen ari dira, jakina baita otso hilak ez duela ausiki egiten.
Duela bospasei urte hasi zen proces auzia, HABE Auzitegiko fiskal buru eta epaile bakar. Lehendabizi espantuka hasi ziren gure herriko azterketarik zailena zela EGA, oso jende gutxik gainditzen zuela… Egia erdiak gezur handien atariko. EGAri buruzko den-dena EGAtik kanpokoek esaten zuten eta EGAko arduradunok isilik; izan ere, gure ustez inondik ere onargarria ez den HABEren (Hizkuntza Sailaren) jokabide horren aurrean ez ziguten defentsarako inolako aukerarik ematen. Hezkuntza Sailak horrela eskatuta, euskararen inguruan sua pizteko arriskuak kezkatuta eta Sailari genion leialtasunak horretara behartuta ez genuen eta ez dugu orain arte inoiz hitz erdirik ere esan, barrenak kiskaltzen eduki arren. Bistan da, beste batzuek ez zutela horrelako leialtasunik gorde beharrik izan eta, egunkariak lagun, komeni zitzaien guztia esan eta argitaratu izan dutela EGA lehenbailehen eurenganatzeko edo desagerrarazteko ahalegin horretan, eta azkenean, kostata baike, lortu dute aspaldi hartan amestutako altxorra: EGA desagerraraztea eta sorturiko hutsunea eurenganatzea.
Orain, EGA azkenetan, gure gaitasun akademikoa eta profesionaltasuna irainduta, zenbaiten ustez, EGAren alde egindako ahalegin eta lan guztiak kalterako baino ez direla izan ikusita, gizarteak EGAn izan duen eta duen sinestea gutxietsita eta agiriaren jabe diren 150.000 laguni baino gehiagori EGA lortzeko egin duten ahalegina alferrikakoa izan dela sinestarazita, EGAren duintasuna eta geure gaitasun akademikoa defendatzera behartuta gaude. Esandako erdi egia horiek, gezur bilakatzen diren horiek, argitu nahian.
1.- Azterketaren maila. Eskatzen den gaitasuna.
Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailak nahiz Euskaltzaindiak nahiz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak esana dute EGA, Europako C1 maila, hizkuntza komunikazio altua eskatzen duen maila dela. Hona hemen nola definitzen duen Europako Hizkuntzen Markoak gaitasuna:
C1 maila duen erabiltzailea:
Gai da era askotako testu luzeak irakurtzeko eta nolabaiteko eskakizun-mailari erantzuteko, eta gai da, orobat, testu horietan esanahi inplizituei antzemateko. Badaki jariotasunez eta bat-batean gauzak adierazten, esapide egokia aurkitzeko ahalegin handia egiten ari denik sumatzen ez zaiola. Hizkuntza malgutasunez eta eraginkortasunez erabil dezake, helburu sozial, akademiko eta profesionalekin.
Testu argiak, ongi egituratuak eta xeheak ekoizteko gai da, baita gai konplexuei buruzkoak ere, testuaren antolaketa-, artikulazio- eta koherentzia-mekanismoak zuzen erabiliz (Europako Erreferentzia marko bateratua. 2005 HABEk euskaratua).
Ez dugu uste gure herrian EGAk adina berme dituen azterketa askorik dagoenik. Nahiko lituzke beretzat EGAk dituen adina berme beste hainbat azterketak
Esan beharrik ez dago, beraz, EGA hizkuntza eta komunikazio gaitasun handia eskatzen duen azterketa dela, hizkuntza erabilera-esparru formal eta jaso askotan eta komunikazio-egoera formal, zehatz eta konplexuetan hizkuntza erabiltzeko gaitasuna, alegia. EGA da gure seme-alaben irakasleei, euskal hedabideetako esatari eta kazetariei, sententzia judizial bat euskaraz zehaztasun handiz idatzi behar duen idazkariari eskatzen zaien gaitasuna. Zer hizkuntz gaitasun dute Europako herrialde eta estatuetako irakasleek, kazetariek, epaitegietako idazkariek, historial medikuak idatzi behar dituzten sendagileek? Nolako hizkuntz ereduak nahi ditugu gure haur, gazte eta herritarrentzat? EGA baliatzen duten profesionalek komunikazio gaitasun handia duten profesionalak dira.
2.- Lautik batek baino ez du gainditzen.
Hezkuntzan azkeneko hamarkadan egin diren ebaluazioetan gure ikasleek euskaraz duten komunikazio gaitasunean lortzen dituzten emaitzek argibide ugari ematen dituzte. Zortzi urtetik hasi eta 16 urtera arte egin diren ebaluazio diagnostikoetan eta bestelakoetan (ISEI-IVEIk egindakoetan eta PISAk egindakoetan) ikasleek izan dituzten emaitzak ez dira txaloak jotzeko modukoak izan eta behin baino gehiagotan izan dira aztergai Legebiltzarrean.
ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundea/Instituto Vasco de Evaluacion e Investigacion) 2005ean DBHko ikasleen hizkuntza-gaitasuna, edo hobeto esanda, ikasleek euskaraz zuten komunikazio gaitasuna ikertu zuen, eta atera zuen ondorioa hauxe izan zen: DBH 4 mailan dauden ikasleen %47,3k baino ez zuten lortzen B2 maila. Harrezkero egindako azterketek, ISEI_IVEIK egindakoek eta Pisak egindakoek, ez dute emaitza hoberik izan. Eta irakurketa, hots, gaitasun pasiboa baino ez dute neurtu. Zer adieraziko ote lukete azterketa horiek trebetasun sortzaileak, hau da, idazmena eta ahozko adierazpena neurtu izan balituzte?
Ikusten den moduan, EGAko emaitzak Hezkuntza Sailak egindako beste hainbat ebaluazioren eta ikerketaren datuak berresten ditu.
EGAk urtez urte ispiluaren aurrean jartzen gaitu eta esaten digu gure Hezkuntza Sistemak ez dituela euskaraz komunikatzeko gaitasunean bere buruari behin eta berriro ezartzen dizkion helburuak betetzen. Horrek norbaiti min egiten dio eta nahiago du mezularia, EGA, akabatu egoera aztertu eta bitartekoak jartzeko bidean abiatu baino.
3.- Atarikoa da akelarrearen deabrurik deabruena.
Aitortu behar dugu Atarikoak ez duela bete-betean hizkuntza gaitasuna neurtzen eta hobe litzatekela ahozko eta idatzizko probak azterketari guzti-guztiei egitea. Hau ez da, ordea, azkeneko urteetako kontua. EGAra, urteak joan eta urteak etorri,10.000tik gora azterketari aurkeztu izan dira urtero, eta bertara aurkezteko inori ez zaio B2 maila gainditua izatea eskatu, 17 urte izatea edo urte horretan betetzea baino ez. Bestalde, proposatu ere proposatu izan zaio Hezkuntza Sailari azterketari guztiei ahozko eta idatzizko proba eginaraztea. Jaso izan dugun erantzuna hauxe: “Ditugun matrikula kopuruak eta baliabideak kontuan izanda, gaur-gaurkoz ezinezko da”. Guk, tamalez, ez dugu inoiz izan HABEk izan duen ugaritasun eta oparotasun ekonomikoa, ez gara aparretan bizi izan. Ez ditugu beti gure irizpide akademikoak nahi bezala bete ahal izan, askotan utzi ez digutelako.
Baina azterketa ugari egin ditugu Atarikoa dela eta. Azterketa asko eta sakonak Euskal Herriko Unibertsitatea lagun. Aztertu ditugu Atarikoaren item guztiak banan-banan. Aztertu dugu Atarikoaren diskriminazio gaitasuna, aztertu dugu itemen alborakuntza, hau da, itemik ba ote den ikasleren bat baztertzen duenik bere euskalkia, lehen hizkuntza, adina edo generoa dela eta, eta aztertu dugu Atariko emaitzen eta gainerako gaitasunen emaitzen artean dauden korrelazioak. Aztertu ditugu gaitasun tasak Atarikoaren emaitzen arabera eta ondorioztatu dugu Atarikoak bikain adierazten duela beste gaitasunetako maila ere. Azterketa behin eta berriro eginik baieztatu dugu Atarikoa justuan gainditzen dutenen artean EGA gainditze kopurua ez dela %10era ere iristen eta Atarikoa erraztasunez gainditzen dutenen artean gainditze tasa %75era heltzen dela. Eta konbentzitu egin ditugu Europako erakundeak bestelako aukerarik ezean, baliabide ekonomikorik ezean, Atarikoa oso baliabide justua dela. Harro gaude, beraz, gure Atarikoa izan dugulako azterbiderik justuena urtez urte 10.000 baino azterketari gehiagori ahozkoa eta idatzia egiteko inolako aukerarik eman ez zaigunean. HABEk milaka eta milaka horiei guztiei egingo al die azterketa oso-osoa, hau da, idatzia eta ahozkoa?
4. - Zer berme du EGAk?
EGA ALTEko (AssociationofLanguageTesters in Europe) partaidea da 2007. urteaz geroztik. ALTE erakundearen barruan daude EGAkoekin batera, besteak beste, azterketa erakunde hauek: Cambridge Assessmen tEnglish, Cervantes, Goethe Institut, Centre Internationaled´etudes Pedagogiques, Universita di Perugia (Italia), Nafarroako Gobernua, Kataluniako Generalitat eta Europako 26 hizkuntza ordezkatzen dituzten 36 erakunde.
Europako kalitate-agiria duen azterketa bakarra urkamendira eramanda
ALTEren egitekoa, besteak beste, erakundearen partaideek egiten dituzten azterketen kalitatea, fidagarritasuna eta ekitatea bermatzea da. ALTEk bermatzen du, bi hitzetan esanda, bere partaideek egiten dituzten azterketek eskatzen duten gaitasun maila berdina dela hizkuntza guztietan, euskaran eskatzen dena, ingelesean eskatzen dena, frantsesean eskatzen dena edo alemanean eskatzen dena, esate baterako, berdinak direla. Horretarako, azterketa elkarteek 14 estandar bete behar dituzte eta bost urtez behin auditoria gainditu behar dute. Auditoria horretan erakundeek frogatu egin behar dute euren azterketa adierazten duen mailakoa dela, C1 EGAren kasuan; egiten diren azterketak deialdiz deialdi maila berdinekoak direla; azterketek behar besteko kalitatea dutela eta aztertzaileen ebaluazio-lanak behar bezain zehatzak eta fidagarriak direla, besteak beste. Horretarako, EGAk, azterketak egin aurretik, pretestatu eta analizatu egiten ditu, eta azterketa egin aurretik egin beharreko aldaketa guztiak egiten ditu; azterketa egin ondoren, emaitzen analisi zehatzak eta sakonak egiten ditu, deialdiz deialdi eskakizun maila bertsua dela frogatzeko, eta horrela ez bada neurri zuzentzaileak aplikatzen ditu; aztertzaileen lana ere modu enpirikoan eta sistematikoan analizatzen du eta aztertzaile bakoitzak deialdi bakoitzean egin duen lana fidagarria dela frogatu egin behar du datu bidez. Lan horiek guztiak egiten ditu EGAk deialdi guztietan eta horien guztien emaitzak aurkezten ditu ALTEn. Horren guztiaren ondorio gisa, EGAk Europako Q kalitate-agiria du 2010. urteaz geroztik eta 2016ko abenduan berretsi egin digute Q Europako kalitate-agiri hori. Ez dugu uste gure herrian EGAk adina berme dituen azterketa askorik dagoenik. Nahiko lituzke beretzat EGAk dituen adina berme beste hainbat azterketak. Beraz, ze arrazoi ezkutu dago nazioarteko, Europako, kalitate-agiria duen azterketa bakarra urkamendira bidaltzeko ahalegin irrazional horren atzean? Nola uler liteke Hezkuntza Sailak EGAk 2010. urteaz geroztik duen Q Europako Kalitate-agiriaren berri prentsan ematea ere debekatu izana?
Amaitzeko zenbait galdera egin nahi dizkiogu geure buruari:
Arazoa EGArena ote? Gure uste apalean, EGAk eta gure herrian hizkuntza gaitasuna aitortzeko egiten diren azterketek errealitatea erakusten digute. Errealitate horri, gordin samarra izanda ere, entzungor egitea eta ez-ikusiarena egitea ez da ona ez gure hizkuntzarentzat ez gure gizartearentzat. Egoera analizatu, lasai hitz egin eta neurriak hartzeko ordua da, eta ez espantuka, entzungor eta Europako kalitate-agiria duen azterketa bakarra urkamendira eramanda. Ez dezagun ahantz guk ere, euskaldunok, gainerako herrietakoek bezala, hizkuntza eredu onak, duinak eta sendoak behar ditugula bai irakaskuntzan, bai hedabideetan eta baita beste hamaika lanbidetan ere. EGAko aztertzaileok beti ahalegindu gara geure lana duintasunez burutzen eta beste herrietako edozein profesionalen mailara jasotzen. Ez dugu onartuko, beraz, EGA azterketaren eta bertan lanean aritu izan garen ehunka profesionalen gaitasuna eta izen ona egia erdiez zikintzea.
Heriotze zigorra ezarri digute guri defendatzeko aukerarik eman gabe, baina harro gaude egindako lanaz. Eta irailetik aurrera HABEk bere gain hartzeak C1 mailaren ardura ez du ondorioztatuko bat-batean azterketarien euskara maila hobetuko denik, eta emaitzak hobetzen badira, eta badakigu hobetuko direla, erabaki politikoa baita, ez da izango azterketara aurkeztu direnen maila nabarmen hobetu delako, baizik eta HABEk nabarmen jaitsiko duelako eskakizun maila. Geroak esan beza.