argia.eus
INPRIMATU
Pisu turistikoentzako baimenak urtebetez eten ditu Bilbok
  • Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 14a
Bilboko Castañños kalea, pisu turistiko gehien dauden eremuetako batean.

Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko astearteko zenbakian argitaratu da Bilboko Udalak hartutako erabakia: urtebetez ez du pisu turistikoak martxan jartzeko lizentziarik emango.

Neurria urriaren 30ean onartu zuen udal gobernuak. Helburutzat dauka Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrean halako etxebizitza figurak arautu bitartean "kautelaz" jokatzea eta pisu turistiko berriak martxan jar daitezen debekatzea, urtebetez.

Bilboko Udalak jadanik eman dio erabakiaren berri Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, bertan erregistratzen baitira eskari berriak.

Joan den urrira arte 1.036 pisu turistiko zeuden erregistraturik Bilbon, baina horiei gehitu behar zaie lizentziarik ez dutenak eta apartamentu turistikoak –berariaz jarduera turistikora bideratzen diren etxebizitzak–. Kopuru horrek erakusten du noraino dagoen tentsionaturik hiria.

Pisu turistikoek murriztu egiten dute alokairuan modu "irisgarri" batean dauden etxebizitzen eskaintza, eta gainera maizterrak kanporatzeko prozesua azkartzen dute, "prezio berriak bere gain hartu ezin dituztelako"

Pasa den uztailean Ekologistak Martxan elkarteak publiko egindako ikerketa baten arabera Bilboko lau eremu zehatzetan kontzentratzen dira pisu turistikoen %67.

Ondorioztatu dute pisu turistikoek murriztu egiten dutela alokairuan modu "irisgarri" batean dauden etxebizitzen eskaintza, eta gainera maizterrak kanporatzeko prozesua azkartzen dutela, "prezio berriak bere gain hartu ezin dituztelako".

Bilboko Udalean maiatzean mozioa aurkeztu zuten hainbat auzo elkartek, pisu turistikoak mugatu eta "moratoria" bat eskatzeko. Udal bilkuran ez zen aurrera atera eskabidea, baina Aburtoren gobernuak neurriak hartzeko "konpromisoa" hartu zuen. Orain moratoria hori de facto ezarri duela dirudi.

Abenduaren 14an manifestazioa antolatu dute Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek Bilbon, "doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde".