Azken urtean alokairuan jarritako gelen eskaintza igo egin da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, batez ere Donostian. Hiriburu garestiena izaten jarraitzen du Donostiak: hilean gela baten batez besteko prezioa 450 euro ingurukoa da; Bilbon 400 eurokoa eta Gasteizen eta Iruñean 350 eurokoa.
Idealistak egindako txostenean jaso eta EFE agentziak zabaldu duenez, pisu partekatuetako logelen eskaintza asko igo da azken hamabi hilabeteetan, gehienbat Donostian, %48 egin du gora; Iruñean %34 igo da; eta Bilbon %30. Gasteizen %1era mugatu da.
Prezioen inguruan, Donostiak jarraitzen du garestiena izaten, baina %2 jaitsi da, 450 euro inguruko batez bestekoarekin. Bilbon %8 igo da, 400 euroko batez bestekoarekin; Gasteizen %6, eta Iruñean %3, biak 350 euroko batez bestekoarekin.
Bilbon, Donostian eta Iruñean antzeko profila aurki dezakegu etxebizitza partekatzen dutenen artean, atari horren arabera: 32 edo 33 urte inguru duten pertsonak; Gasteizen, batez bestekoa 44 urtekoa da.
Espainiako Estatu mailan, etxebizitza partekatuen eskaintza %34 igo da azken urtean eta prezioa %3a igo da, hileko 350 euroraino. Partekatzen duten pertsonek iazko profil antzekoa dute, baina bataz besteko adina 34 urtera igo da.