Otsailaren 26a izan da 2021eko Pistatxoaren Munduko Eguna, bai, pistatxoarena, pistatxondoaren fruituarena (Pistacia vera).
Gero eta sona handiagoa du pistatxoak eta era askotara topatuko dugu: fruitu lehor soil bezala freskoak edo erreak eta gatzatuak, izozkiak, entsalada, pistatxo esnea eta esnegaina, pistatxo txokolatea, pistatxo pasta, pistatxo gurina, pistatxo lokuma, biskoteak eta fruitu kontserbak. Eta ahaztu gabe: hestebeteak eta mortadela.
Asia erdialdetik dator, egungo Iran eta Afganistandik, agi danean; arkeologiak argitu du duela ia 9.000 urte pistatxo aleak jaten zituztela. Gaur ezagutzen dugun pistatxoa Uzbekistanen datatu dute inon baino lehenago, duela 4.500-3.000 urte artean. Pistatxo horri esaten zaio benetako pistatxoa, eta horixe dio bere izen zientifikoak: Pistacia vera. Vera hitzak benetakoa edo arauzkoa esan nahi du; Pistacia italierak latinetik, horrek grezieratik eta horrek pertsieratik hartutako “pistak” hitzetik omen dator. Jatorri beretik ibilbide zeharo desberdina egin zuen pelviko “pistag” hitzera, hartatik arabiar klasikoko “fustuq” eta arabiarreko “alfústaq” hitzetatik barrena egungo gaztelerazko “alfóncigo” izenak. Asiatik Europarako zubilana arabeek egin zuten bai, beste makina bat landarerekin bezala.
Pistatxondoa dioikoa da, hau da, arbola batzuk erabat emeak dira, eta beste batzuk erabat arrak; ez dago landare gehienetan bezala tarteko hermafroditarik, bi sexuak dituztenik. Ezaugarri arraro hori baliatu zuen Sebastien Vaillant botanikari frantsesak landareen sexualitatea deskribatu eta frogatzeko 1717an. Botanikako eta biologiako aurkikutza handienetakotzat jotzen da.
Iran da egun pistatxo ekoizlerik handiena, 550 milioi kilotik gora jasoz urteko. AEB ondoren, 450ekin. Gero, urrun datoz Txina, Turkia eta abar. Iranen, “Dameghango Inperiala” eta “Sefideh-Momtaz” dira kultibar eme nagusiak. AEBetan eme nagusia “Kerman” da, eta arra “Peter”.
Polinizazioa egokia izan dadin zortzi arbola emeko ar bat jartzen da. Emeak emandako fruituak azala berez erraz zartatu eta irekitzeko gaitasuna izatea izan da kultibarrak hautatu eta ugaltzeko ezaugarri nagusietakoa.
2003an AEBetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak (FDA) honela esan zuen: “Ebidentzia zientifikoek iradokitzen dute, baina ez dute frogatzen, fruitu lehor gehienen, hala nola pistatxoen egunean 42,5 gramok, gantz saturatu eta kolesterol gutxiko dietaren zati gisa, bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua murriztu dezaketela”.
Honela dio Turkian egindako ikerketa batek 2011n International Journal of Impotence Research aldizkarian: “Pistatxo dietak zakila zutitzearen funtzioaren parametroak eta serum lipidoen profilak hobetzen ditu erekzioaren disfuntzioa duten pazienteetan”. Soilik hiru astean 100 gramo pistatxo jan eta arazoak hobera egin zuen.
Arabiarrek Ekialde gozotik ekarritako fruitu gozoagoak, arrak polinizatuta emeak ematen duen berez tarrat egin eta irekitzen den ale horrek, gizonen zakilaren zutitze disfuntzioa onbidean jartzen du. Off dena On.
Beroa da pistatxoa, izan ere ur gutxi du eta koipe asko eta biltegietan eta garraiorako pilatzen denean berez su hartzeko gai baita. Hartzen duenak eman ere egin behar...