argia.eus
INPRIMATU
PISAko emaitza txarren erantzukizuna irakasleengan jartzea aurpegiratu dio oposizioak Uriarteri
  • PISA azterketan EAEk atera dituen emaitza kaskarren harira, Hezkuntza Saileko buru Cristina Uriarte Legebiltzarrean izan zen asteazkenean, eta hainbat neurri iragarri zituen hezkuntza eredua eraldatzeko. Neurri horiek irakasleen jardunari dagozkie gehienbat, eta oposizioa ez da ados azaldu horrekin.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 16a
Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan. (Arg.: EiTB)

2003an PISA lehen aldiz egin zutenetik emaitzarik txarrenak izan dira matematikan eta zientzietan. Uriartek hezkuntza “paradigma aldaketa” baten alde egin du. “Akademizismoan eta esposizioan” oinarritutako hezkuntza alboratu, eta “ikerketa eta ikasketa aktiboaren alde” egingo duen metodologia defendatu ditu.

Uriartek irakasleengan jarri du pisu handia “paradigma aldaketa” hori gauzatzeko. Sailburuaren esanetan ikastetxeetako zuzendaritza taldeek sumatzen dute “defizitak eta prestakuntza beharrak” dituztela maisu-maistrek. Curriculum berriek konpetentzietan oinarritutako ikuspegiak dituztela azaldu du, “baina irakasleriak barneratu behar du horrek zer aldaketa pedagogiko dakarren: akademizismoa utzi, eta azalpenezko pedagogiatik ikertzaileagora pasatzea”.

Hala, irakasle-ikasketetan sartzeko proba bat jartzea proposatu du, eta unibertsitateekin hitz egiten ari direla jakinarazi du.

Oposizioa ez da ados agertu sailburuak irakasleengan ezarritako pisuarekin. EH Bilduko ordezkari Rebeka Uberak adierazi du: “Irakasleen gain jarri nahi duzue ardura, arreta desbideratu. Baliabideak behar dituzte irakasleek”. PPko Juana Bengoetxeak ere erantsi du eredua dela proba gainditu ez duena, ez irakasleak. Uriartek, ordea, salaketa ukatu du: “Ez da inori errua botatzeko, indarra non jarri beharra dagoen diogu”.