argia.eus
INPRIMATU
PISA: pandemiaren eta gizarte digitalaren bidegurutzean

Jexux LarraƱaga Arriola 2023ko abenduaren 21a

PISAk izandako emaitzen beherakadaren testuinguru orokor honetan ez genuke bazter utzi behar zer hezkuntza eragin eta zer ondorio sortzen dituen bizi dugun digitalizazio azeleratuaren gizarte prozesuak. Izan ere, beheranzko joera argia da 2012tik, urte horretan hasi baitzen eskola-digitalizazio masiboa Europako herrialde guztietan eta, bereziki, EAEn. Gure hipotesia honakoa da: txostenak aipatzen duen pandemiaren eraginaz gain, emaitza horiek harreman zuzenean jartzen dute gizarte digitalaren aro globalaren azelerazioa eta hezkuntza teknokraziaren joera berdintzailea. Hori da gainbehera hori ulertzeko giltzetako bat. Haatik, gogoeta hori sustatzea izan da gure helburua.

Egungo pantailen erabilera neurrigabeak onura bezainbeste kalte dakarzkie hezkuntza prozesuei olatu globalaren eraginpean jarrera kritikorik gabe jardunez gero. Hala gertatzen da oinarrizko ikaskuntzen jabekuntzan gabezia horiek atzemangarriak egiten direnean. Zehatzago esanda, hezkuntza-eragile gehienok bat etor gaitezke honako baieztapenean, hain zuzen: azken hamarraldian ahozko hizkuntzak eta idatzizkoak izan duten gainbehera, izan lexikoan, kontzentratzeko gaitasunean, motibazioan, ahaleginean, eta hainbat hezkuntza-prozesuei datxezkien beste hainbeste balio eta jarreratan atzemangarria egiten zaigu.

PISAk izandako emaitzen beherakadaren testuinguru orokor honetan ez genuke bazter utzi behar zer hezkuntza eragin eta zer ondorio sortzen dituen bizi dugun digitalizazio azeleratuaren gizarte prozesuak

Gaur, bizi gaituen gizarte digitalak hala eraginda, bistakoa dugu eskolako komunikazio-mailan, diskurtsoetan, hezkuntza jardunbideko burokrazian, aldaketak bizi ditugula. Aldaketa horiek, baina, hobekuntza prozesuak al dira guztiak? Hauxe da datua: digitalizazioan gehien inbertitu duten herrialdeak izan dira emaitza txarrenetakoa lortu dutenak.

Hala ere, egungo eskolaren norabidea gizarte digitalaren nagusitasun azeleratuaren mendean sarturik dagoela esan genezake. Eta horren ondorioz, ordenu psikosozial berrituak txertatu zaizkigu eskolara botere mediatikoen bidez. Premiazkoa da ikasgelan bistaratzen diren sintomei buruz kolektiboki pentsatzen hastea. Eskola emaitzen beheranzko joera. Esandakoa, digitalizazio azeleratuaren ondorioekin eta pantailen gurtze masiboaren eraginarekin loturan dator.

Zeren ikusten ari garena baita nagusitasun digitalizatuaren eskaeren aurrean, ordena berri bat sortzen ari dela munduan, eta horrek, eremu akademikoari, sozialari eta pentsamenduari eragiten dio. Pantailen bidezko eredu psikosoziologiko berria determinismoz blai aurkezten zaigu (sailkatu, kontrolatu, epaitu, zelatatu,…) makroegiturak ezarritako menpekotasuna da. Logika horretan, hezkuntza prozesuei, sistema merkantilizatuaren trataera emateko joera nagusitzen ari da. Egungo gizartearen baldintza sozioekonomiko eta teknologikoetan ez zaigu arrotza egin eskola emaitzek izandako beheranzko joera.

Ordenamendu digitalaren ondorioz, eremu pertsonala eta elkarreraginezkoa zatikatzen dugu eta eskolarako pentsamendu-dogma berriak proposatzen dira. Horiek denak, praxi psikopedagogikoari eta oinarrizko prozesu psikosozialei eragiten diete oinarrizko ikaskuntzen garapen prozesuak lastatuz, eta beste hainbatetan oinarrizko ikaskuntzen jabekuntzaren kaltetan. Eta hori ere, hala ikustea komeni da.

Jexux Larrañaga Arriola